argia.eus
INPRIMATU
Comete erresistentzia sarea oroituko dute ostegun honetatik igandera bitartean
  •  Bigarren Mundu Gerran zehar Belgika, Frantzia eta Euskal Herrian soldadu eta hegazkin pilotu aliatuak laguntzen zituen erresistentzia sarea izan zen Comete. Angelun kokaturiko Comete Sarearen Lagunak elkarteak antolatu ditu erresistentzia hori oroitzeko hainbat ekimen, tartean, sarea barnetik ezagutu zutenen lekukotasunak entzuteko parada eskainiz.

     

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko irailaren 07a
Ipar Euskal Herrian zein Hego Euskal Herrian, Comete sarea omendu izan da behin baino gehiagotan. Argazkian, Hernanin egindako omenaldia. Argazkia: Hernaniko Kronika

Nazioartetik etorritako jendea ere batuko zaie Comete erresistentzia sarea oroitzeko egunetara: Ameriketako Estatu Batuetako, Ingalaterrako edota Espainiako zein Frantziako Estatuetako ordezkaritza egonen da Bidasoaren bi aldeetan. Hain zuzen, ostegun honetatik igandera arte, sare hori oroitzeko eta ohoratzeko ekimenak antolatu ditu Comete Sarearen Lagunak elkarteak.

Bigarren Mundu Gerlan Euskal Herria ere zeharkatzen zuen erresistentzia sarea izan zen Comete. Ibilbidea Bruselan hasten zen, han gerra frontearen bestaldean eta etsaiaren eremuan eroritako pilotu aliatuei jana, arropa eta nortasun agiri faltsuak ematen zitzaizkien, sareko ekintzaileek pilotuak ganbera eta sotoetan ezkutatzen zituztelarik. Bruselatik, sareko gidariek lagundurik, Frantziako Lille, Paris, Tours eta Bordele bidez Euskal Herriko Baiona hirira bidaiatzen zuten. Ondoren, euskal mugalarien laguntzarekin Pirinioak mendiz igaro eta Bidasoaren beste aldera ailegatzen ziren. Hortik jada Bilbo, Madril edota Gibraltar aldera jo ohi zuten.

Paco Iriarte gogoan

Ostegun honetan, hiru artistek idatzitako Le Reseau Comete.  La ligne d'évasion des pilotes alliés ("Comete sarea. Pilotu aliatuen ihesbidea") komikiari buruzko solasaldiarekin abiatuko dituzte topaketak. Bertan egonen da hiru marrazkilarien artean den Marko artista. 94 urte dituen eta bizirik gelditzen den sareko erresistente bakar Christiane Saldiasen bizipenetan oinarritzen da liburua.

Ostiralean omenduko dituzte garaiko erresistenteak, Donibane Lohizuneko hildakoen monumentuan eta ondotik Comete sarearen omenezko monumentuan, Angeluko Lamothe plazan. Asteburuan, berriz, erresistenteek egiten zuten bidea zeharkatzeko aukera eskaini nahi du elkarteak. Paco Iriarte gogoan ukanen dute, nola ez, hain zuzen, irailaren 2an zendu zelako 87 urteekin. Zortzi urte zituen Comete aktibo zenean eta barnetik ezagutu zuen sarea.