argia.eus
INPRIMATU
Colonnari gertaturikoa eta euskal presoekiko Parisek duen “ezaxolakeria” salatu ditu Bake Bideak
  • Elkartasuna adierazi dio Bake Bideak zendu berri den Yvan Colonna preso korsikarraren familiari. Korsikar presoekin bezala, euskal presoei begira Frantziako Gobernuaren "ezaxolakeria, mespretxua eta isiltasuna" salatu ditu elkarteak.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 24a
Martxoaren 24ko prentsaurrekoa, Yvan Colonnaren heriotza dela eta (Argazkia: Bake Bidea)

"Beste aterabide bat posible zitekeen preso honen [Colonna] eskubideak bermatuak izan balira. Bere osotasun fisikoa errespetatua izanen zen Korsikako presondegi batera hurbildua izan balitz, bere familiak eta berak ere eskatzen zuten bezala. Beste aterabide bat posible zitekeen Frantziako Estatuak korsikar presoen gaia arlo politikotik tratatzea onartu izan balu, Korsikako gehiengoaren aldarrikapenaren errespetuan". Baina ez, korsikarren eskakizunen parean elkor, ezbehar "dramatikoa" gertatu izana salatu du Bake Bideak. Baionan egin berri du prentsaurrekoa, Yvan Colonnaren heriotzari buruzko bere irakurketa plazaratzeko. Nola ez, euskal preso politikoen egoera beste behin aipatu dute, Jakes Esnal eta Jon Paroten berri emanez.

Bake prozesu horretan eta preso politikoen auzian Frantziako Estatuaren "isiltasuna" gogorki kritikatu dute: "Bere ezaxolakeriak eta gelditasunak mespretxu osoa adierazi diete, euskal gizartetik egin diren etengabeko indarrei. Euskal gizarteak sekulako indarrak egiten baititu bake prozesuak aurrera egin ahal izateko, presoen gaia konpontzea ezinbestekoa dela oroitarazteko behin eta berriz. Beste behin ere oroitarazten dugu: bi preso hauek 71 urte baino gehiago dituzte eta 32 urte beteko dituzte preso".

Behin baino gehiagotan kondenen aplikaziorako epaileak baiezkoa eman arren haien askatasun eskaerei, prokuradoreak sistematikoki Parot eta Esnalen kartzela denbora are gehiago luzatzeko eskaera egin du. Arriskua hor da eta abisua emana dute: "Denbora pasatzen utziz Frantziako Gobernuak egoera usteltzen uzten badu, ez dugu irtenbidea tragikoa izatea onartuko".

"Injustizia" horren kontra eta egoera desblokeatzeko desobedientzia zibilaren bidetik segituko dutela berretsi dute Bake Bideako kideek. Datorren hitzordua apirilaren 2an iraganen da, 09:30ean Hazparnen eta Urruñan. Bertaratzeko deia egin diete herritarrei.

Elkartasun mezuak Euskal Herritik

EH Bai ezkerreko koalizio abertzaleak, gainera, manifestazioa antolatu du larunbaterako: 15:00etan abiatuko da Baionako San Andres plazan.

Etxepare Lizeoko ikasleak, Sortu, Kontseilu Sozialista, Ernai, LAB, Xuti Gazte! mugimendu berria, Etxerat elkartea, Komite Internazionalistak, Sare Antifaxista eta Euskal Herriko beste eragile askoren sostengua jasotzen ari dira Yvan Colonnaren hurbilekoak.