Iazko abuztu eta urri artean Indonesiako oihanean 130.000 sute gertatu ziren. Greenpeacek palma olioa erabiltzen duten multinazionalak ikusi ditu hondamendiaren atzean.
2015eko hondamendi handiena satelite bidez detektatu ahal izan zen. Indonesiako oihan eta mangladi tropikal aberatsetan –besteak beste orangutanaren eta Sumatrako tigrearen bizitoki– milaka sute gertatu ziren hilabete gutxian eta hondamendi ekologiko izugarria eragin du basakeria horrek.
Greenpeace erakundeak salatu duenez, eraso horien atzean palma olioaren industria eta papergintzan aritzen diren enpresak daude. Palmako monolaboreak hedatzeko oihanari tokia kendu nahian dabiltza, lehengai horrekin supermerkatuetan eskueran ditugun zopa, txokolate eta komestikako produktuak egiteko.
Zehazki, Pepsico, Colgate-Palmolive eta Johnson & Johnson jo dituzte ekologistek Indonesian gertatuaren erantzule, eta kanpaina bat hasi dute halako jokabideak alboratu ditzaten. Dagoeneko 360.000 lagunek eman diete babesa mundu osoan.
Multinazionalotako ordezkariak Greenpeacekin elkartzea onartu zuten asteartean, salaketak indarra hartu orduko. “Albiste esperantzagarria da, baina deforestazioaren kontrako konpromiso erreal eta eraginkorra exijitzen jarraituko dugu”, azaldu dute erakundetik.