El Salvadorreko Nejapa akuiferoaren ustiapena handitu nahi zuen Coca-Colaren azpikontrata batek. Akuiferoaren gehiegizko ustiapena salatu dute hainbat erakundek, ordea, eta Gobernuak baimenik emango ez diola adierazi du.
Elkartasunerako Aliantzak eta Uraren Foroak akuiferoaren gehiegizko ustiapenari buruzko txostena egin zuten duela hiru urte. Orain, El Salvadorreko Gobernuak jakitera eman du urtebete pasa baino lehenago ez diola inori ustiapena handitzeko baimenik emanen.
Ingurumen ministroak adierazi du baimenak eman baino lehen akuiferoaren ustiapen neurriak eta bertan dauden enpresen jarduera ongi aztertu behar dituztela. “Ez diogu baimenik emanen ez Coca-Colaren azpikontratari, ez beste inori”, adierazi du Lina Pohl ministroak El Salvadorreko irrati batean.
Karen Ramirez Uraren Foroko kideak poztasuna azaldu du albistea jasotzean: “Berri oso ona da Ministerioak lehentasunak ulertu dituela jakitea. Herritarrek ura izateko eskubidea eta akuiferoaren egoera egiaztatuko duen azterketa dira lehentasunak orain”.
Coca-Colaren botilaratze azpikontratak adierazi du bere jarduerak akuiferoa arriskuan jartzen duela frogatzen badute, prest dagoela zabalpenaren proiektua atzera botatzeko.