argia.eus
INPRIMATU
Coca-Colak eta Pepsik osagai kimiko bat erabiltzeari utziko diote, sinadura-bilketa baten eraginez
  • Coca-Cola eta PepsiCo konpainiek ez dute Fanta, Powerade eta Gatorade moduko freskagarrietan BVO osagai kimikoa erabiliko, AEBetako gazte batek kanpaina bat abiatu ostean produktu kimiko horren erabilera galarazteko. AEBetako, Kanadako eta Latinoamerikako freskagarriei eragingo die neurriak; Europar Batasunean eta Japonian debekaturik dago lehendik ere BVO erabiltzea.

ARGIA @argia 2014ko maiatzaren 7a
Powerade, Gatorade eta Fanta moduko freskagarriei eragingo die neurriak.

Iaz, Sarah Kavanagh gazteak Pepsiren Gatorade markako freskagarrietan BVOren erabileraren aurkako 200.000 sinadura lortu zituen Change.org webgunean, eta konpainiak produktu kimikoa gehiago ez erabiltzea behartu zuen.

Kanpainaren oihartzunak bultzatuta, Coca-Colaren freskagarrietan (Fanta, Powerade...) gauza bera lortzeko helburuarekin bigarren sinadura-bilketa jarri zuen abian, eta horrek ere eman du fruiturik: datozen hilabeteetan BVO landare-olioa kenduko du multinazionalak aipatu edarietatik.

17 urteko Sarah Kavanagh estatubatuarrak dioenez, BVO landare-olio bromuratuak besteak beste hormonak kaltetu eta ugalkortasun arazoak sortzen dituelako jarri zuen abian kanpaina.

Coca-Colak azaldu du bere edari guztiak seguruak direla, eta lekuan-lekuko legediak betetzen dituela. Nabarmendu du BVO landare-olioak freskagarrien egonkortasuna hobetzen duela eta osagai batzuk ez deskonposatzeko ezinbestekoa dela. Dena den, gehitu du produktu kimiko hori ez duela gehiago erabiliko, mundu osoan erabiltzen dituen osagaiekin koherente izateko.