Mundua plastikozko ontzi eta azalez itotzear jarri duten kutsatzaile nagusiak marka komertzialik indartsuenak berak dira, Break Free From Plastic gobernuz kanpoko erakundeak dossier batean erakutsi duenez. Zehazki Coca-Cola, PepsiCo, Nestlé, Danone, Mondelez International, Procter & Gamble, Unilever, Perfetti van Melle, Mars Incorporated eta Colgate-Palmolive salatzen ditu kutsatzaile nagusitzat. Indartsuetan hiru boteretsuenen artean bakarrik (Coca-Cola, PepsiCo eta Nestlé) osatzen dute plastikozko kutsadura guztiaren %14.
Datu horiek Break Free From Plastic erakundeak bildu ahal izan ditu munduko kontinente guztietan 42 herrialdeetan antolatutako 239 garbiketa kanpainen emaitzak aztertuta. Garbiketa lanotan 10.000 boluntario baino gehiagok hartu dute parte eta horiek bildutako 187.851 plastikozko puska identifikatu ahal izan dituzte gehien saltzen diren kontsumo produktuen hondakin gisa.
"Azterketa honek –dio Break Free From Plasticek– erakusten du zein beharrezkoa den korporazio handiek onartzea beren erantzukizuna saltzen dituzten produktuen eta horiek biltzen dituzten azalen bizi-ziklo osoak dauzkan eraginen gain. Hondakinen kudeaketa sistemak eta mundu osoko ingurumena ari dira sufritzen korporazio horiek planifikatuta daukaten plastiko produkzioaren %40ko handitzearen ondorioak, eta kontsumo gaien ekoizleok orain daukate aukera eta obligazioa handitzen ari den krisia gelditzeko. Gizabanakoek eta udal administrazioek beren esku daukate marka handioi erantzukizunak eskatzeko, kontsumituz edo azalik gabeko edo azal berrerabiliz hornitutako jaki, edari eta kontsumo pertsonaleko gaiak. Plastikozko kutsadura arazo honen soluzioa ezin da utzi 'zaborrak botatzen dituzten gizabanakoen' esku, korporazio kutsatzaileek beren gain hartu behar dituzte soluzio iraunkorrak eta krisia amaitzeko sistemak.