argia.eus
INPRIMATU
Ciudadanos alderdiaren egoitzan pintadak egiteagatik hiru lagun atxilotuta Iruñean
  • Hiru pertsona atxilotu ditu Espainiako Polizia Nazionalak Iruñean ostegunean. Orain dela hiru aste Ciudadanos alderdiaren egoitzan pintadak egitea leporatuta eraman dituzte epaitegira. Epaileak aske utzi ditu behin-behinean, mehatxu terroristak egitearen akusaziopean.  

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 12a

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak adierazi duenez, pertsona horiek amnistiaren aldeko pintadak egin zituzten Ciudadanos alderdiaren egoitzaren paretetan. Mugimenduak Espainiako Poliziaren errepresioa salatu du, baita "instituzioen konplizitatea" ere.

Mugimenduak zabaldutako oharrean honela dio, besteak beste: “Ciudadanos eta gainontzeko alderdi faxistek Euskal Herrian daukaten presentziari dagokionez, zilegitzat hartzen dugu hauen jarduera normalizatua eragoztera zuzendutako ekintza oro, eta are gehiago amnistiarena bezalako aldarrikapen demokratikoak tartean daudenean. Hori dela eta, Ciudadanos alderdiaren egoitzan egindako pintadak ere begi onez ikusten ditugula eta hauek adierazten zuten aldarrikapenarekin bat egiten dugula azpimarratu behar dugu”.

Gaur berriz margotuta

Ciudadanosen egoitza berriro margotu dute ostegunean, UPN, EH Bildu, eta Podemosen egoitzekin batera. Iruñean eta Sarrigurenen lau alderdi hauek dituzten egoitzetan "Langile boterea" eta "Espainiako Errepublika federalaren" aldeko margoketak egin dituzte.