argia.eus
INPRIMATU
Cintruenigon, besoz beso mobilizatu dira Frente Obrero eta Vox
  • "Delinkuentziarik gabeko Cintruenigo" aldarrikatu dute, ohi bezala, pertsona migratuak kriminalizatuz.

Gedar @GedarLangileKZ 2025eko maiatzaren 29a

Cintruenigon (Nafarroa) ere bazen pertsona migratzaileak seinalatzeko deialdi erreakzionario bat aurreko astebururako, eta pankartan elkarrekin jarri ziren Vox eta Frentre Obrero. Euskal Herriko beste hainbat herritan gertatzen ari den modura, "segurtasuna" aldarrikatzea hartu zuten aitzakiatzat jatorri konkretu bateko pertsona migratuak seinalatzeko, eta "delinkuentziarik gabeko Cintruenigo" erreibindikatu zuten horren bidez.

Gero, bi talde faxistek aldarrikatu zuten elkarretaratzea euren sare sozialetan. Frente Obrerok argitaratu zuen "delinkuentzia eta segurtasun falta olatuei aski da" esan zietela protestan. Voxek, berriz, adierazi zuen "kontrolik gabeko immigrazioak sortutako delinkuentziarekin nazkatuta" daudela "bizilagunak", eta kontzentrazioan parte hartu zutela alderdi faxistako zinegotziak eta afiliatuek.

Donostiako (Gipuzkoa) Altza auzoan ere, eskuin muturreko ideologiarekin duen loturagatik ezaguna den pertsona batek elkarretaratze bat antolatu zuen aurreko ostiralerako, eta bat egitera deitu zuen Frente Obrerori lotutako Juventud Combativa talde faxistak. Hala ere, porrot egin zuen deialdiak, dozena erdi bat pertsona baino ez baitziren batu protestara. Kontrara, ehunka lagun manifestatu ziren pobrezia, arrazakeria eta faxismoa salatzeko kontramobilizazioan, ordu eta leku berean.