argia.eus
INPRIMATU
CIMIE kongresua Donostiako fakultatean: Flechari gorazarre zuzena
  • Uztailaren 2an argitaratu zituzten Flecharen aurkako salaketak Eldiario, Infolibre, RTVE Noticias eta Radio4-RNE hedabideek. Hurrengo egunean, uztailak 3, CIMIE (Hezkuntza Ikerketaren Nazioarteko Diziplinarteko Kongresua) nazioarteko kongresuaren XIII. edizioa hasi zen EHUko Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatean, eta bertan babes esplizitu eta zuzena eman zitzaion salatuari. Kongresua AMIE (Asociación Multidisciplinar de Investigación Educativa) elkarteak antolatu zuen, eta kongresuaren batzorde antolatzailea CREA sareko kide diren edo izan diren hainbat pertsonak osatu zuten, tartean euskal herritarrak.

    Ramón Flecha eta CREA kasuari buruzko ikerketaren informazio guztia, kanal honetan.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko abenduaren 30
Flecha CIMIE kongresuko hizlarietako bat izan zen Donostian, eta kongresuko erakunde antolatzailearen zuzendaria bere mintzaldira bertaratu zen babesa adieraztera. @xavier_torrens

Kongresuaren irekiera ekitaldian lau pertsonak hartu zuten parte: Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak, Aitor Martxueta EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekanoak, Nekane Arzallus Donostiako Udaleko Hirigintza Sostengarriko zinegotzi ordezkariak, eta Esther Roca AMIEko presidenteak. Haien aurrean eman zuen irekiera konferentzia Garazi López de Aguileta Jaussik, euskal herritarra eta Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea. “Eskerrak” eman zizkion Flechari, “bere” CREA ikerketa taldean “indarkeriarik gabeko” espazioak lortzeko “erakutsitako ausardiagatik eta inplikazioagatik”.

Flechak berak kongresuaren hitzaldietako batean parte hartu zuen, egitarauak aurreikusten zuen moduan. Aurreikusita ez zegoena hitzaldi hartara Esther Roca agertzea zen, kongresua antolatu zuen AMIE elkarteko presidentea. Salatutako katedraduna ondoan zuela, CREAren aldeko idatzi bat irakurri zuen jendaurrean. Horrez gain, ARGIAk jakin duenez kongresuaren antolatzaileek aurrez programatu gabeko saio bat antolatu zuten CIMIEko partaideek izan zitzaketen galderak erantzuteko, CREAko hainbat pertsona “galdera asko” jasotzen ari baitziren “hedabideen difamazio kanpainarekin lotuak”. Saio horretan Flechak parte hartu zuen.

Bere aurkako salaketak ezagutu berri, Flechari babes zuzen eta publikoa eman zioten antolatzaileek konresuaren hainbat unetan

CIMIE kongresuak Flechari emandako babesak ez zuen kritikarik jaso publikoki, baina bai, antza, Hezkuntza fakultatearen barnean. Uztailaren 8an “argibide oharra” bidali zuen Martxueta dekanoak, “[CIMIE] kongresuaren harira jasotako mezuen eta kezken aurrean”. Kongresua egiteko Hezkuntza fakultatea hautatzeagatik antolakuntzari “eskerrak” adierazi ostean, programatu gabeko saioari aipamena egin zion dekanoak: “Fakultate honek adierazi nahi du ez duela inolako erantzukizunik izan espazio horren antolakuntzan ez eta bertan landutako edukietan ere. Gure fakultateak berretsi egiten du askatasun akademikoarekiko eta ikerketa zorrotzarekiko konpromisoa, baita unibertsitate-ingurune seguru bat bermatzeko konpromisoa ere”. 

Saio horrengatik eta Flecharen eta CREAren aldeko gainontzeko babes adierazpenengatik galdetu dio ARGIAk EHUri. Unibertsitate publikoak adierazi du ez zekiela Flechari eta CREAri babesa adieraziko zitzaionik kongresuan, “are gehiago, bezperan egon zen salaketa tarteko, ez zen espero Donostiara agertuko zela”. EHUren esanetan, dekanoak “hainbat aldiz” hitz egin zuen antolakuntzarekin “egoera bideratzeko”, kongresuaren antolakuntzari “kontuak eskatu” zitzaizkion, eta “eskatu genien beren-beregi EHUri egindako aipamena ezaba zezatela irakurri zuten agiritik”. Horren ondorioz kongresuaren antolatzaile AMIE elkarteko presidenteak bidali zuen oharra helarazi dio EHUk ARGIAri. Bertan, Roca presidenteak “argitzen” du EHUk ez zuela “inongo inplikaziorik” izan aurreikusi gabeko saioaren antolakuntzan.

CIMIE 2026, Bilbon

Donostiako kongresuan bertan, CIMIE 2026 non burutuko den iragarri zuten: berriz ere Euskal Herrian, oraingoan Bilbon. Antolatzaileek hainbat xehetasun eman dituzte beren webgunean, baina ez dute zehaztu Bilboko zein eraikinetan edo erakunderen babespean burutuko den. ARGIAk EHUri eta Deustuko Unibertsitateari galdetu die ea kongresua babesteko eta espazioak erabiltzeko eskaririk jaso duten. EHUk adierazi du ez duela eskaririk jaso, baina kongresuaren webgunean EHUren logoa agertzen zela ikusi eta kentzeko eskatu zitzaiela, “eta hala egin dute”. Deustuko Unibertsitateak ez du erantzunik eman.

 

*Albiste hau ikerketa orokorrago baten zatietako bat da. Hauek dira gainontzeko edukiak:

- Erreportajea: CREA eta Ramón Flecha: Euskal Herrian ere abusuak, mehatxuak eta jazarpena.

- Testigantza: Oihana CREA-ko kide ohia: “Emakume nagusiago batek lan egin zuen neska gazteak Flecharengandik babesteko”.

- Social Impact enpresa: Flecha, CREAko nagusiak eta elite enpresariala batera.