argia.eus
INPRIMATU
CIAren atxiloketa eta tortura operazioak babestu dituzte Europako herrialde ugarik
  • Gutxienez 54 herrialdek babestu zuten CIAk 2001eko irailaren 11ko erasoen ondoren abiatu zuen "bahiketa, atxiloketa eta tortura operazio globala", Open Society Justice Initiative (OSJI) erakundeak plazaratutako txostenaren arabera.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko otsailaren 06a
CIAren "tortura operazio globalak" herrialde ugari zipriztindu ditu, OSJIren arabera.

Mundu osoko gobernuen laurdenak eskaini zion ezkutuko laguntza CIAri, Ian Cobain kazetariak The Guardian egunkarian nabarmendu duenez. “Europarrak dira horietako asko”, gaineratu du.

Egoitza New Yorken du giza eskubideen alde lanean diharduen OSJI erakundeak. Txostenean dioenez, George Bushen gobernuko goi karguen esku-hartzeak eta haien inpunitateak “kezka handia” sortzen jarraitzen du, baina ez dira haiek giza eskubideak urratu dituzten bakarrak: “Isilpeko operazio horiek AEBetatik kanpo burutzeko diseinaturik zeuden, eta ezin izango lirateke aurrera eraman gobernu atzerritarren parte-hartze aktiborik gabe. Gobernu horiek ere erantzule dira”.

Txostenean Pakistan, Afganistan, Egipto, Jordania, Kanada, Siria eta Irango gobernuei egiten zaie erreferentzia, baita Espainia, Irlanda, Islandia, Erresuma Batua, Zipre, Suedia, Finlandia, Alemania, Portugal, Austria, Georgia, Polonia, Lituania eta Errumaniakoei ere.

Neurri handiagoan ala txikiagoan, guztiek babestu zituzten CIAren operazioak. Torturen lekuko izan ziren “kartzela sekretuak” prestatu zituzten gobernu batzuek, besteek haien aireportuak erabiltzen utzi zioten CIAri, edo informazioa helarazi zioten, ustezko “terroristak” entregatu zizkioten...

Hori guztia dela eta, kartzela sekretuak ixteko, entrega operazioak amaitzeko, ikerketa eraginkorrak abiatzeko eta erantzuleak zigortzeko eskatu die OSJI-k AEBetako eta gainerako gobernuei, “terrorismoaren kontrako etorkizuneko operazioek giza eskubideak urratu ez ditzaten”.