argia.eus
INPRIMATU
Chiviteren “asmo handiko eskaintza” ez da nahikoa Nafarroako Mediku Sindikatuarentzat
  • Esklusibotasunaren baldintza hala moduz ezabatzeko asmoa adierazi du Foru Gobernuak: arlo pribatuan aritu bai, baina hezkuntzan edo ikerketan esaterako; klinika pribatuetan aritzeko aukerarik ez dute sendagileek 800 euroko gehigarriari uko egin ezean. Grebara joko dute otsailaren 1ean.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko urtarrilaren 31
Nafarroako Medikuen Sindikatuak ez du onartu gobernuaren azken proposamena. Grebara joko dute otsailaren 1ean.

Grebara jo aurreko azken eskaintza egin dio Osasunbideak Mediku Sindikatuari: hilean 400 bat euroko igoera soldata oinarrian eta %10eko igoerak guardia orduetan; eguneko paziente kopurua 32ra murriztea; eta Osasunbideko medikuen jardun esklusiboaren ingurukoa: esklusibotasuna erabat kendu gabe, hura moldatzeko proposamena egin du Maria Chiviteren gobernuak.

Lan bera publikoan eta pribatuan egiteko aukerarik ez du utzi nahi Nafarroako Foru Gobernuak. Aukera eskainiko du beste lan bat ere edukitzeko, esaterako hezkuntzan edo ikerkuntzan, medikuntzari lotuta ere bai; baina klinika pribatuetan jarduterik ez. Hala egin nahi duenak aukera izan du beti, baldin eta 800 euroko esklusibotasun baldintzari uko egiten badio.

Nafarroako Mediku Sindikatuaren aldarrikapenetako bat da esklusibotasunaren baldintza erabat ezabatzea, medikuek aukera izan dezaten kontsulta pribatuetan ere lan egiteko Osasunbideaz gain; hau da, jardun bikoitza edukitzeko aukera 800 euroko soldata osagarriari uko egin gabe. Gatazka puntu nagusia honetan dago –soldatak 400 euro beharrean, 500 euro igotzeko ere eskatzen dute–.

Nafarroako Mediku Sindikatuak dioena da, beste autonomia erkidegoekin alderatuz "baldintza murriztaileagoak" dituztela eta "desabantaila" dagoela. Parekatzeko modua egin asmo dute eskakizun hauekin.

Lazaro Elizalde mediku erretiratuaren aburuz, ordea, ez da neurri aproposa: "Esklusibotasuna kentzeak zuzenean jotzen du osasun sistema publikoaren aurka". Horixe adierazi zuen Xabier Letonak egindako elkarrizketan.