argia.eus
INPRIMATU
Chivitek Senatuan esan du Cerdanen espetxeratzeak ez duela “loturarik” Belateko tuneleko lanekin
  • Belateko tunelen adjudikazioan ez zela irregulartasunik egon esan du Nafarroako lehendakari Maria Chivitek. Espainiako Senatuan egin du agerraldia, Koldo auzia ikertzeko batzordean.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 29a
Maria Chivite, astelehen goizean Espainiako Senatuko ikerketa batzordean, agerraldian. Espainiako Senatua

Tentsio handiko agerraldia izan da Nafarroako Gobernuko presidente Maria Chiviterena Espainiako Senatuko ikerketa batzordean, Koldo auzia-ren harira, bereziki fokua jarrita PSOEko antolakuntza idazkari ohi Santos Cerdanengan. Ekainaz geroztik espetxean dago.

Ikerketaren adar esanguratsuenetako bat dira Belateko tunelak, N-121-A errepidekoak. Acciona, Servinabar eta Osés enpresek osatutako aldi baterako enpresen elkarketari esleitu zion obra Nafarroako Gobernuak, 62 milioi euro baino gehiagoko aurrekontuarekin. Servinabar enpresa nafarraren arduraduna Antxon Alonso zen, eta Servinabarren akzioen ia erdia, Guardia Zibilaren UCO ikerketa taldeak atzemandako dokumentu baten arabera, Santos Cerdánena zen. Orain, ikertzen ari direna da ea Nafarroako Gobernuak egindako esleipen horretan irregulartasunik egon ote zen edo ez.

Argi hitz egin du Chivite lehendakariak: "ez da inolako irregulartasunik egon", eta eskuin politikoak "vendetta" edo mendekua abiatu du, Nafarroaren izen ona zikintzea helburu duena. Are, Espainiako PPren Barcenas auzia oroituta, zera esan du: "Batzuen estiloa da disko gogorrak hondatzea eta desagerraraztea, eta besteona gisa honetako auditoriak deitzea". 

Chivitek azpimarratu du kargu politikoek ez dutela "inoiz" esku hartzerik izaten halako proiektu edo lanen adjudikazioetan, eta Belateko lanen inguruan, Chivite bera "soil-soilik" arduratu zela "dena garaiz eta ondo" gauzatzeaz. Horretarako, Espainiako hainbat Ministerioekin gestioak egin zituela aitortu du. Galdetu diote ea Cerdánek eragiteko asmorik izan ote zuen Belateko tunelen obren esleipenean, eta Chivitek esan du ezetz, Cerdán presente egoten zela ministerioen eta Nafarroako Gobernuaren arteko bilera horietan, baina Cerdánen lana "Nafarroako diputatu izatera soilik" mugatzen zela. 

Santos Cerdánen ibilbidea

Nafarroan egin du ibilbide politiko gehiena Cerdánek. 1999an afiliatu zen PSNn, eta hiru legealditan zinegotzi izan zen Milagron, bere herrian. Gero, 2014an, PSNko parlamentari lanetan hasi zen, baina legealdia amaitu aurretik, 2017an jauzia eman zuen Madrilera, Pedro Sánchez buruzagi sozialistak PSOEko barne hauteskundeak irabazi ondoren. 2021ean PSOEko antolakuntza idazkari izendatu zuten.

Hainbat hedabidetan azaldu izan denez, 2015ean hasi zen harremanetan Koldo Garcíarekin, artean biak Nafarroan zirela. Gero, biak Madrilera joan ziren. José Luis Ábalos politikari sozialistarekin egin zituzten harremanak han. Ábalos PSOEko antolakuntza idazkaria izan zen Cerdanen aurretik, baita Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroa ere.

Cerdán espetxean dago iragan ekainaren amaieraz geroztik. Birritan eskatu du epaiketa bitartean espetxetik askatzeko, baina epaileak ukatu egin izan du, "probak desagerrarazteko arriskua" dagoela argudiatuta.