Ekainaren 13an, ezohiko ekitaldi baten lekuko izan zen Pekineko Herriaren Areto Handia: Txinako Alderdi Komunistaren aginte goren osoak (baimenduta leudekeen absentziak salbu; nola jakin horietakoa ote zen He Weidong jeneralarena? Izan ere, ez zen ageri mahai nagusian, Politburoko kideen artean) sinposio bat egin zuen Chen Yun zenaren jaiotzaren 120. urteurrena ospatzeko.
Jardunaldi nagusietan bezala, bertan ziren Politburoko Batzorde Iraunkorreko zazpi kideak, aretoa bete goi-arduradun; eta Xi Jinpingek “hitzaldi garrantzitsua” irakurri zuen, ondorengo egunetan prentsa ofizialak behar bezala zabaldu zuena.
Taularatzea oso ohikoa izan bazen, zergatia ez zen, haatik, batere usukoa. Aitzakia, ozta-ozta atzemana zirudien (nik behintzat ez dut gogoan antzekorik beste inoren kasuan, ezta urteurrena askoz biribilagoa izanda ere); eta formatua ere, deituraz bederen, aski ezohikoa litzateke.
Omenduaren nondik norakoek argitzen dute bestela misteriotsu samarra lirudikeen kontua. Chen Yun, Txinako buruzagi komunisten lehen belaunaldietako kide erabakigarrietako bat izan zen –Mao, Zhou Enlai, Liu Shaoqi, Zhu De eta Deng Xiaoping-ekin batera, Alderdiaren 100. urteurrenean Xik berak aldarrikatu zuenez–, eta goreneko arduretan luzaroen aritu zenetako bat, 60 urte baino gehiagoan. Gorabehera dezenterekin.
Ez zen hori izango, halaz eta guztiz ere, Chen oroitarazteko zio nagusia, ziur. Ezta Xiren aitaren adiskide politiko hurbila izana ere: halako beste askoren urteurrenak oharkabean joaten dira.
Chen Yunen ideien gaurkotasuna (“planaren helburuek errealistak izan behar dutela proposatu zuen hark, eraikuntzaren eskalak nazio-sendotasunarekin bateragarria izan behar duela, pertsonen bizimoduak eta herrialdearen eraikuntzak orekatuta egon behar dutela, planak landu egin behar direla, eta materialen, finantzen eta kredituaren arteko orekan lan txukuna egin behar dela”; 1956an 8. Kongresuan esana, adibidez) azpimarratzen saiatu zen Xi... haren metafora –Chen bera baino ezagunagoa– zuzenean aipatu gabe. Txoria eta kaiolaren metafora.
Xalo esanda, Chenen metaforak dio kaiola (alegia, sistema sozialista) txikiegia bada, txoria (ekonomia) akabatu egiten dela, eta ezer gabe geratzen zarela. Aldiz, kaiola aterik gabea baduzu, edo hura zabalik uzten baduzu, txoriak ihes egingo dizula, eta ezer gabe geratuko zarela hartara ere. Ondorioa: ahalik handiena, txukunena eta oparoena izan behar duela kaiolak, txoriak alai kanta dezan…
“Txinako tasunak dituen sozialismoa” eraikitzeko ahaleginean ekonomiak, orokorrean, eta pribatuak bereziki, txorrotxio egin dezan formula bila bildu ziren, agidanez. Aitzakia zen gutxienekoa.