Utahko Unibertsitatean, 3.000 entzuleren aitzinean diskurtsoa zabaltzen ari zela gertatu da hilketa asteazkenean. Donald Trumpen hurbileko aurpegi ezaguna zen Kirk.
Donald Trumpen hurbileko ezaguna zen Charlie Kirk. 31 urteko gizona, ultrakontserbadorea, eskuin muturreko aktibista, Trumpen ideologia gazterian zabaltzeko ardurari suharki atxikia zegoen. Tiroz hil dute irailaren 10 honetan Utahko Unibertsitatean, 3.000 entzuleren aitzinean diskurtsoa zabaltzen ari zela. Chicagoko hiri inguruan sortua, kristau ebanjelista zen eta urteetan zehar gazteen artean eragin handia duen Turning Point USA mugimendu ultrakontserbadorearen sortzailea zen.
AEBetako lehendakariaren aldeko MAGA Make America Great Again [Egin Amerika Handi Berriz] mugimenduaren aurpegi ezaguna zen eta Trumpek ez dauka dudarik: "Ezker muturra da erruduna". Bere kontrolpean duen sare sozialean eman du heriotzaren berri: "Handia, baita mitikoa ere, Charlie Kirk hil da. Inork ez zuen [...] Amerikako Estatu Batuetako gazteria Charliek baino hobeto ulertzen. Denek maite eta miresten genuen, batez ere nik, eta orain ez dago gure artean".
Charlie Kirk Donald Trump Jr. presidentearen seme nagusiaren laguntzaile pertsonala izan zen 2016ko hauteskunde kanpainan.
Hiltzaileak ihes egiten lortu du eta ikerketaren arabera, pareko teilatu batetik eraso egin dio ezezagunak. Erasotzailea atzeman nahian, neurri guztiak martxan jarriak dauzka Poliziak. Bi pertsona atxilotu dituzte, baina libre utzi dituzte galdeketa ondoren.
Tentsio handikoa da AEBetako giro politikoa, eta hitzetatik haratago, indarkeria ekintzen bidez ere bideratzea geroz eta ohikoagoa dute. Politika eta indarkeria lotzen dituzten gertakizunak egon dira iraganean ere, baina hainbat adituk diote 2021eko urtarrileko Kapitolioaren hartzean egin zuela hozka bat gorago indarkeriaren aukerak. Egun horretan, AEBetako hauteskundeetako emaitzak eta Joe Bidenen garaipena berresteko saioa gauzatu bitartean, Kapitolio inguruak hartu zituzten Trump presidente ohiaren jarraitzaileek. Protestan bildutakoek Poliziaren lerroa gainditu eta eraikinera sartu ziren, istiluak eraginez. Charlie Kirken gisara, ekainean, Minnesotan, gizon armatu batek Melissa Hortman estatuko ordezkari demokrata eta haren senarra hil zituen.