Ostegun goizean Paris kanpoaldean tirokatu duten udaltzainetako bat hil egin da, polizia iturriek jakinarazi dutenez. Beste polizia bat larri zauritu dutela jakinarazi dute.
Tiro egin duen ustezko erasotzaileetako bat atxilotu du poliziak. Europe1 irratiaren arabera, ez da Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako erasoan parte hartu zuen gizonetako bat.
"Hainbat atxilotu"
Frantziako lehen ministro Manuel Vallsek jakinarazi duenez, "hainbat lagun" atxilotu dituzte bart, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako erasoaren ondoren abiatutako polizia operazioan.
RTL irratian egindako adierazpenetan, Vallsek esan du atxilotuak zaintzapean dituztela. Zenbat lagun diren ez du zehaztu.
Hainbat hedabidek diote atxilotuak zazpi liratekeela, eta erasoaren ustezko egileekin lotura dutelakoan atzeman dituztela. AFP agentziaren arabera, lau lagun Reimsen atxilotu dituzte, bat Genevilliersen, eta bi Belgikako mugatik gertu, Charleville-Mézieres herrian.
Hain justu, hango polizia-etxean aurkeztu du bere burua erasoaren "susmagarrietako" batek, segurtasun indarrek jakinarazi dutenez.
Bere izena sare sozialetan zabaldu ostean entregatu da
Hemezortzi urteko mutila da bere burua Charleville-Mezieres herriko polizia-etxean aurkeztu duena. Atentatuaren egileei ihes egiten lagundu izana egotzi dio poliziak. Gazteak, aldiz, errugabea dela dio, eta bere izena sare sozialetan ikusi duelako erabaki duela entregatzea. Charlie Hebdoren kontrako erasoaren ustezko egileak 32 eta 34 urteko bi anaia dira.
Cherif eta Said Kouachi anaiak lirateke erasotzaileak, frantziar poliziak jakinarazi duenez. Metronews egunkariaren arabera, Cherif 2005ean epaitu egin zuten, Irakera jihadistak bidaltzen zituen talde bateko kide izateagatik. Hiru urteko espetxe zigorra ezarri zioten.