argia.eus
INPRIMATU
CGTk LABen aurkako erasoan jarraitzen du
  • CGT sindikatuak Bordeleko Instantzia Auzitegira eramango du LAB bigarrenez. Oso enpresa txikietako hauteskunde sindikaletara aurkezteko ezaugarriak betetzen ez dituztela argudiatu zuten abuztuan. Oraingo epaiketa hau urriaren 14an abiatuko da.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko urriaren 11
LABek eginiko manifestazio bat. (Arg.: LAB sindikatua)

CGTk Bordeleko epaitegian jarririko errekurtsoa onartuta, epaileak LABen hautagaitza baliogabetu zuen.  Sindikatu abertzaleak aurkezturiko helegitearen ondorioz iritsi ziren Kasazio Auzitegira eta irailaren 30ean hark Bordeleko epaia bertan behera utzi zuen.

LABeko bozeramaile Eñaut Aramendik azaldu duenez, sindikatuak ez daki zeintzuk diren oraindik auziperatzearen arrazoiak. “Abokatu nagusiak Kasazio Gortean erran zuen bezala, ordezkatzeko ahalen argumentuak ezeztatu dituzte, balore errepublikanoei buruzkoak ere nire ustez ezeztatuak dira, euskarari buruzkoak ere”, dio Aramendik.

Sindikatu abertzaleak azaldu du ez dakitela zeren kontra joko duten eta CGTren jarrera ere salatu dute: "Ekintza antidemokratikoek ez dute batere askatasun sindikalaren alde jotzen baizik eta alderantziz, ideia horren erakustea sinestarazi nahi badigute ere".