argia.eus
INPRIMATU
Cesar-Neron kasua
Tomas Elortza Ugarte 2025eko uztailaren 21

Martxoaren 25ean Arabako Foru Aldundiak (AFA) eta Eusko Jaurlaritzak (EJ) prentsa-ohar bat atera zuten, hedabideetan nahiko zalaparta eragin zuena, Gobierno Vasco remite a la Ertzaintza dos piezas cerámicas del yacimiento de “Las Ermitas” por ver indicios de falsedad. Euskadi.eus, 25/03/2025 (Erdaraz, noski!). Bietako batean Cesar jartzen du, bestean Neron. Idatzi honek zer pentsatua ematen du.

Batetik, zuzenak ez diren baieztapenak egiten dituelako. Adibidez, zeramikazko piezak aurkitu zituen enpresa –Eliseo Gil eta Idoia Filloyren Lurmen– kondenatu egin zutela 2020ko epaiketan. Epaia irakurtzea nahikoa da gezurraz jabetzeko. Arabako eta EAEko agintariek ez al dute aholkularirik gauzak diren bezala esanarazteko?

Bestetik, erdi egia eta erdi gezurra den baieztapen bat, grafito horiek (eta Iruña-Veleiakoak) faltsuak liratekeela argudiatzeko: latinez Caesar eta Nero idazten zela, ez Cesar eta Neron. Deigarria da AFA eta EJ latinezko lezioak ematen ikustea, unibertsitateak eta hizkuntzalariak alde batera utzita.

Kontua da ez direla ez unibertsitateak ez hizkuntzalariak izan auzi hau argitzen saiatu direnak, Iruña-Veleia Argitu, Ez Suntsitu Plataforma baizik

Kontua da ez direla ez unibertsitateak ez hizkuntzalariak izan auzi hau argitzen saiatu direnak, Iruña-Veleia Argitu, Ez Suntsitu Plataforma baizik. Latinez idatzitako epigrafien argazkiak emanez eta dokumentazioa erakutsiz frogatu dute latinaren historia luzean biak izan zirela posible: Caesar-Cesar eta Nero-Neron. Ikus informazio osoa Cesar-Neron gutunean.

Azpimarratzekoa den beste puntu bat da zenbat hedabidek zabaldu zuten prentsa-oharra inolako kritikotasunik gabe, gezur eta gabezia guztiekin. Horretaz jabetzeko ondo dator Miguel Thomsonen artikulua irakurtzea: “César, Nerón y otras mentiras del montón”. Interneta pixka bat astinduz, erraz aurkitzen dira, gutxienez, 33 hedabide prentsa-oharra ia literalki kopiatu zutenak: ikus-entzunezkoak, paperezko nahiz digitalezkoak, agentziak, web orriak, sare sozialak…  Hona, ordena alfabetikoan: ABC, agenciadenoticias.es, Alea, Berria, BizkaiaGaur, Cadena SER, capitalvitoria.com, Diario de Noticias de Alava, EFE Noticias, EITB, elDiario.es, Euskadi.eus (EJ), El Correo, El Debate, El Diario Vasco, Facebook (BizkaiaGaur, GipuzkoaGaur, La bitácora de Jenri, Menéame), GasteizBerri, GasteizHoy, GipuzkoaGaur, Infobae.com, Independentea, Instagram, Irekia ataria (EJ), Naiz/Gara, Norte Exprés/Noticias de Vitoria-Gasteiz y Álava, noticiasceramica.com, Onda Cero, Sergipeconectado (DV), X.com, GipuzkoaGaur, zuk.eus.

Horietatik guztietatik soilik ‘Independentea’k eta ‘Naiz/Gara’k eman zuten prentsa-oharrari erantzunez plataformak ateratako agiria Eliseo izutzeko eta kakazteko beste ahalegin bat Arabako agintarien aldetik. Zerrendako gehienek aspaldi egin zuten hautua grafitoen faltsutasunaren alde. Gutxi batzuek alderrai jarraitzen dute, egun batean arre eta bestean so, iritzi propiorik gabe, grafitoen aurkezpenetik hemeretzi urtera. Oraingo honetan ia denak bat etorri dira jendartearen zatirik handienari informazio iruzurtia emateko orduan.

Lau hilabete pasatu diren arren ez agintariek, ez hedabideek, ez dituzte okerrak zuzendu, ezta kaltetuei barkaziorik eskatu ere. Errespetu gehiago merezi dugu!

Tomas Elortza Ugarte