Cementos Lemona enpresa batzordearekin adostasunera iritsi da eta ondorioz atzera botako du enplegua erregulatzeko espedientea. EEE horren bidez lantegiko 123 langile 161 egunez etxera bidali nahi zituen Cementos Lemonak. Sinatu berri den hitzarmen kolektiboak Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) araberako soldata igoera aurreikusten du.
Bestalde, ultraaktibitateari eustea eta hitzarmenetik ez ateratzeko klausula ere badakar akordioak. Aldiz, enpresak hainbat malgutasun neurri hartu ahal izango ditu.
Langileak pozik daude akordioarekin eta euren ustez “garaipena” izan da, lan erreforma berriaren aurrean blindatzea lortu dutelako. Azken bi hilabeteotan lanuzte ugari izan dira protesta egiteko eta enpresa batzordearen ustez presio horren ondorioz lortu dute akordioa.
Dena den, Cementos Portland taldearen egoera ez da batere ona –Cementos Lemona talde barruan dago–, porlan eskaria asko jaitsi da krisiarekin eta enpresak joan den astean jakinarazi zuenez 500 langile kalera botatzea aurreikusten du. Aukeren artean, Lemoako edo Olaztiko plantak ixtea daude.