Aïcha Issadounène-k 52 urte zituen eta joan den ostegunean hil zen koronabirusak jota. Saint-Denis herriko (Ile de France eskualdea, Frantziako Estatua) Carrefour saltoki batean 30 urte zeramatzan lanean kobraketa-tokian. Saltokian urte gehien zeramatzan langilea zen eta CGT sindikatuko ordezkaria. Ez dakite dendan ala beste nonbaiten kutsatu zen, baina CGT sindikatuak salatu du babes neurri kaskarrekin ari direla lanean. Gobernuak saltokietarako neurriak hartzen ez baditu, hurrengo astebururako greba deituko dutela adierazi du sindikatuak.
Le Monde egunkariak jasotako albistearen arabera, Aïcha Issadounènek martxoaren 17an hartu zuen baja, gaixo zegoelako. Hain zuzen, konfinamenduaren lehen egunean. Hainbat egun etxean egin eta gero ospitaleratu zuten eta ostegunean hil zen. Carrefour multinazionalak Frantzian izan duen lehen hildakoa da. CGT sindikatuaren datuen arabera, Carrefourren 129 langile dituzte identifikatuta koronabirusa izan dezaketelakoan eta hamabi beharginek positibo eman dute proban. Carrefourrek ez ditu datuak baieztatu.
Langileak baja hartu zuen egunean denda desinfektatu zuten eta eskularruak eta gel hidroalkoholikoa banatu zuten langileen artean. Sindikatuak adierazi du babes-horma gardenak ere ezarri zituztela langileak erosleengandik babesteko, baina haiek martxoaren 21 eta 22an heldu zirela. Maskarak jasotzera gerturatzeko bozgorailutik egin zieten deia langileei. Batzuek jaso zuten maskara eta beste batzuek ez, denentzat ez zegoelako. Carrefourren ordezkariak adierazi du maskararen horniketaren ardura Gobernuarena dela eta hark ez baditu eskura jartzen, dendan ezin dituztela banatu.
Sindikatuaren eskaerak: ordutegi murritzagoa, igandeetan itxi eta lehentasunezkoak baino ez saldu
Jendea saltokietan denbora-pasa dabilela adierazi du CGT sindikatuko ordezkari batek, liburuak eta egunkariak irakurtzen, telebista ikusten… eta bide batez bi-hiru langile kutsatzen. Paradoxikoa iruditu zaio Saint Deniseko azoka ixtea, zeinak segurtasun neurriak betetzen zituen, saltoki handiek ez bezala.
Hiru eskaera nagusi egin ditu sindikatuak: igandeetan ez irekitzea saltokiak; ordu gutxiagoz edukitzea irekita; eta saltoki barruan edozer gauza erosteko aukera izan beharrean, lehentasunezko gaiak dauden guneak baino ez uztea erosleen eskura.
Martxoaren 30az gero gainerako sindikatuekin hizketan hasiko da CGT, eskaerei erantzuten ez badio Gobernuak, hurrengo astebururako greba deitzeko.