argia.eus
INPRIMATU
Palestinako okupazioarekin dituen loturagatik Carrefour-i boikota bultzatzeko mobilizazioak indartzen ari dira
  • Enpresaren eta Israelen arteko loturak salatzeko hainbat protesta bultzatu ditu BDZ-k. Mugimenduak adierazi du supermerkatu kateak Israelekin dituen akordioek NBEren ebazpenak urratzen dituztela.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko abenduaren 20a
Bilboko mobilizazio bat. Argazkia: @BDSBizkaia

Carrefourren aurkako kritikak areagotu dira Israelekin duen lotura dela eta, El Saltok jaso duenez. Gazako sarraskiaren aurrean, supermerkatu kateak Israelekin dituen akordioak salatu dituzte hainbat mugimenduk. Esaterako, enpresak janari-poltsak bidali dizkie Israelgo Indar Armatuei.

Edonola ere, salaketaren ardatza 2022ko hitzarmen bat da, Carrefourreko CEO Alexandre Bompardek Israelgo Electra Group frankiziarekin sinatu zuena. BDZ mugimenduaren esanetan, hitzarmenak nazioarteko ebazpenak urratzen ditu. Electra Group Palestinan legez kanpoko koloniak ezartzen dituzten enpresen NBEren datu-basean dago.

Adierazpenak eta ekintzak

Euskal Herrian, besteak beste, Iruñean eta Bilbon egin dira mobilizazioak supermerkatuen aurrean, boikotera deituz. Antzeko ekimenak izan dira Galizian edo Espainian ere. Frantziako Estatuan, Carrefourren jatorrizko herrialdean, informazio-puntuak jarri dituzte urrian katearen supermerkatuen aurrean, Montpellier, Lyon eta beste hiri batzuetan. Azaroan, Podemoseko idazkari nagusi Ione Belarrak Carrefourren aurkako “boikotera” deitu zuen, baita Israelgo Estatuarekin kolaboratzen duten beste enpresen aurkakoari ere. X bezalako sare sozialetan, erabiltzaile ugarik lotu dute Carrefour kolonizazio-jarduerekin.