Carola Rackete Sea Watch 3 ontziko kapitainaren desobedientziak oihartzun handia izan zuen munduan, eta Gobernuz Kanpoko Erakunde gehiago Salviniren legeen aurka egiten hasi dira migratzaileen bizitzak salbatzeko. Joan den larunbatean Alex belaontziak 41 migratzaile eraman zituen Lampedusako (Italia) portura baimenik gabe.
Tommaso Stella kapitainak Alex belaontzia porturatu zuen larunbatean, debekuei kasu egin gabe. 41 migratzaile zeramatzan ontziak, eta Lampedusako portuan lurreratzea lortu zuen. Carola Rackete Sea Watch 3 ontziko kapitainaren ekintzei jarraiki, Stellak debekuei ez die kasurik egin, eta orain ikertu egingo dute eta bere Mediterranea GKEa isundu.
Ontzi honez gain, asteburuan Alan Kurdi ontziak 65 migratzaile zeramatzan Lampedusako portura. Sea-Eye GKE alemaniarraren ontziak ez zuen baimenik bertan sartzeko, Maltak jasotzea onartu zuela argudiatuz. Ontzia Maltara bidean zela, Valletako (Malta) gobernuak azken orduan sartzeko debekua ezarri zion ontziari. Negoziazio luze batzuen ostean, Valletako portuan sartzea baimendu zion Maltak, baina ohartarazi zuen migratzaileak ez direla Maltan geratuko eta Europako beste herrialdetara bideratuko dituztela. Sea-Eyek salatu duenez, hiru pertsona bero kolpez jota zeuden ontzian, eta askoren egoera oso larria zen.
Salviniren aurka
Europako hainbat mandatari nekatu egin dira Salviniren politiketaz. Horst Seehofer Alemaniako Barne-Ministroa duela gutxi arte Salviniren posturen aldekoa zen, baina azken aldi honetan politikari italiarraren neurriak gehiegizkoak direla adierazi du Seehoferrek, eta bere neurriak aldatzeko eskatu dio. Honez gain, Seehoferrek adierazi du Alemania prest dagoela Italiara doazen migratzaile horiek jasotzeko, baina Salvinik desadostasuna agertu du horrekiko.