Epaileak ebatzi du Carola Rackete Sea Watch 3 ontziko kapitainak “bere egitekoa” bete zuela migratzaileak erreskatatu eta porturatzean. Matteo Salvini Italiako Barne ministroak epaia kritikatu eta Rackete herrialdetik kanporatzeko prozesua abian dela adierazi du.
Italiako Alessandara Vela epaileak aske utzi du Sea Watch 3 ontziko kapitaina. Italiako estatuak eskatu zuen hura atxilotzeko, "gerraontzi baten aurkako indarkeria eta erresistentzia" leporatuta.
Osasun egoera larrian zeuden 40 migratzaile Lampedusan baimenik gabe porturatzean mugazainen itsasontzia jo zuen Racketeren ontziak. Velak ebatzi du ez dagoela deliturik. Are gehiago: migratzaileak “gune seguru” batera eramatean Racketek bere betebeharrarekin kunplitu zuela adierazi du.
Racketek epaia “garaipena” dela adierazi du, eta migratzaileen erreskateak oztopatzen ari direnen aurkakoa.
Matteo Salvini Italiako Barne ministroak gogor kritikatu du epaia: "Italiako Justiziarentzat legeak urratzea eta Poliziaren ontzi bat kolpatzea ez da nahikoa espetxera joateko”. Aurretik iragarria zuena mantenduz, kapitaina Italiatik kanporatzeko prozedura abian jarri duela jakinarazi du Salvinik.