argia.eus
INPRIMATU
Carles Puigdemontek alderdi berria aurkeztuko du uztailaren 25ean
  • Buruzagi independentistak ostiral honetan eman du ezagutzera Junts per Catalunya manifestua eta bertan adierazten da alderdi berria sortuko dela soberanismoaren hainbat adar biltzen saiatzeko eta Espainiarekiko konfrontazioa bilatuko duena independentzia lortzeko.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 03a

Manifestuan esaten denez, independentzia prozesuak ez du atzera biderik eta dagoeneko ez da posible Espainiaren erreforma bultzatzea Kataluniatik. Horregatik, egungo Junts Per Cat mugimendu politikoa oinarri, Kataluniako mugimendu soberanistaren hainbat tradizio biltzea helburu duen alderdi politikoa sortuko dute, Vilaweb-ek jakinarazi duenez.

Jordi Turull, Josep Rull, Quim Forn eta Jordi Sànchez preso politikoek bat egiten dute manifestuarekin, eta baita herbestean diren Lluís Puig, Damiá Calvet eta Meritxell Budók ere. Toni Comín eta Josep Andreu ERCko buruzagi ohiak ere bat datoz egitasmoarekin.

Proiektua aspaldi dago mahaiaren gainean, baina PDCATen barruan izandako eztabaida prozesuak eta negoziazio saioek haren azaleratzera atzeratu dute. Turull, Forn eta Sanchez presoak aritu dira bitartekari lanetan alderdiarekin, baina honek hauteskunde zerrenden %50 eta zuzendaritzaren %50 nahi zituen alderdi berrian integratzeko, eta azkenean akordioa ez da posible izan. Puigdemonten jarraitzailek nahi dute PDCAT besterik gabe integratzea indar berrian.

Uztailaren 25ean alderdi gisa eratu ondoren, oraindik deitu gabe diren hauteskundeetarako zerrenda egiten hastea izango da alderdi berriaren lehen zereginetakoa.