argia.eus
INPRIMATU
Caprilesek hauteskunde prozesua berrikusteko eskatu du, baina ez ditu emaitzak inpugnatu
Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko apirilaren 18a
Telebista publikoaren arabera, Caprilesek ez du emaitza inpugnatu oraindik (Argazkia: lainformacion.com)

Oposizioak aurkeztutako dokumentuak irregulartasunak salatzen ditu lagunduriko botoetan eta prozesuaren hainbat faseetan, baina ez du ezer esaten emaitzari buruz. Beraz, oraingoz ez ditu hauteskundeak inpugnatu.

Venezuelako telebista publikoak argitaratu duen bideo batean, ustez Caprilesen gertuko kide diren hiru pertsonen arteko solasaldiak entzun daitezke. Luis Ugueto ogasun ministro ohia da horietako bat. “Porrota” onartu dute, baina haien ustetan, oraingo egoera komeni zaie “ahalik eta zalaparta handiena sortzeko”. Halaber, azpimarratu dute “hobe dela gutxigatik galtzea 50.000 botorengatik irabaztea baino”.

Istiluak baretu dira                                                                       

Hirugarren protesta eguna aurrekoak baino lasaiagoa izan da. Caprilesek Hauteskunde Batzorde Nazionalaren aurrean deitutako mobilizazioa bertan behera utzi zuen, eta eltzejotzeek aurrera jarraitu badute ere, ez dira hain jendetsuak izan.

Hala ere, aurreko egunetan zauritua izan zen emakume bat hil da, eta guztira zortzi hildako eta 71 zauritu utzi dituzte hauteskunde ondoko protestek.