Raul de la Fuente zuzendari nafarrak Damian Nenowrekin batera zuzendu duen Another Day of Life animaziozko filma aukeratu dute Canneseko zinema jaialdirako. Emanaldi berezia izango da eta lehiaketatik kanpo egon arren, ikusmina eragin du: filmak Ryszard Kapuscinski kazetari eta idazlearen Jeszcze dzien zycia liburua eramango du pantaila handira.
1975eko Angolako gerra zibilean Kapuscinskik bizi izandakoa da filmaren ardatza: kazetari gisa gatazka haren berri ematera joan zen artean 43 urte zeuzkan poloniarra; eta gerraren beroan jasotakoak liburu bihurtu zituen, baita obra horri esker nazioarteko sona lortu ere.
Kronika hura animaziozko film bihurtu dute de la Fuentek eta Nenowk eta Bordeleko Cartoon jaialdian zati bat erakutsi ondoren –15 minutuko puska bat–, askoren interesa piztu zuen, filmak animazioa, artxiboko irudiak eta zuzeneko ekintzak nola uztartzen dituen ikusirik.
Kanaki Films etxeak ekoiztu du filma, Poloniako Platige Image estudioarekin batera. Azken urteetan, Kanakikoak ezagun egin dira Minerita dokumentalari esker, zeina mundu osoko hainbat zinemalditan ikusi ahal izan den, baita Oscar sarietarako “shortlist”-ean sartu ere –nolabait, Oscarren finalerdiak liratekeenak–.
Lehenago, de la Fuentek Euskal Herriko publikoaren arreta eskuratu zuen Nömadak TX filma ere zuzendu zuen, beste zenbait dokumentalen artean.
Filmaren ekoizpenean zeresan handia izan duen Amaia Remirezek ostiral goizean Euskadi Irratiari azaldu dionez, filmaren estreinaldi komertziala urte honetako irailean edo urrian egingo da, oraindik data zehatzik ez baldin badaukate ere.