Claudia Cardinale aktore italiarraren 1959ko argazki bat paratu du Cannesko Zinema Jaialdiak bere promozio-kartelean. Irudiak, ordea, badu desberdintasunik jatorrizkoarekin: aurpegiko zimurrak ezabatuak izan dira, eta aktorearen gerrialde, beso eta izterrak argalagoak dira, Photoshop bidez manipulatuak.
"Cardinale ez dago hor hesteetako igarobidea arintzen duen yogurta edo gauerako krema bat saltzeko", idatzi du Nadia Daam kazetari frantziarrak Slate agerkarian. "Cannesko Jaialdiaren 70. edizioko kartela da, helburu duena emakume 'abenturazale, independente eta konprometitua' erakustea, jaialdiak berak azaldu duenez".
Gogor egin du kazetariak antolatzaileen aurka, edertasun kanonak eta zinemaren rola ardatz hartuta. Ez da bakarra izan. Sare sozialetan zalaparta handia eragin du kartelak. Hura egin duen enpresak (Bronx) eta jaialdiaren antolatzaileek azalpenik ez dute eman oraindik,
On se rend mieux compte en gif de toutes les retouches faites sur la photo de Claudia Cardinale. #Cannes2017 pic.twitter.com/Qf2U8ANdSK
— David Honnorat (@IMtheRookie) 2017(e)ko martxoak 29
Claudia Cardinale: "Zinema besterik ez da"
Aktore italiarrak garrantzia kendu dio polemikari. "Poster bat da, ni baino, irudikatzen duena dantza bat, hegaldi bat. Irudia ukitua izan da arintasun hori nabarmendu eta ni ametsetako pertsonaia baterantz eramateko: sublimazioa da. Errealismoarekiko kezkak ez du zentzurik. Feminista bezala, ez dut uste emakume gorputza erasotua izan denik. Eztabaidatu beharreko gauza inportanteagoak badira munduan. Ez dezagun ahaztu: zinema besterik ez da hau".