Nola hondoratu kutxa bat eta inolako arduarik ez hartu. Yolanda Barcinak CAN auziaren aurrean urraturik gabe ateratzeko hartu duen jarreraz idatzi du Joseba Santamariak Diario de Noticiasen. Artikulua euskaratu dugu:
"Politika modernoan irudiaren eta diskurtsoaren estrategiak funtsezko esparrua osatzen dute gaur egun. Egiten edo esaten denaren kontrakoa egiten edo esaten duzunaren plantak egitea da gakoa, nahaste politikoaren estrategia deliberatuan.
Barcinak eta bere hurbileko taldeak badakite nolako ezinegona eta kezka dagoen gizartean CANen patu penagarriaren eskutik etorri den kaosarengatik. Hori dela eta, ahalik eta distantzia handiena jartzea erabaki dute CANen azkeneko irudia izan direnekin, gertatu den ezerk Barcinarekin zerikusirik ez daukan itxura emateko. “Ez nuke Asiainek egin duena eginen”, dio, bere semeak erakundearekin izan zuen kolaborazio profesionalari buruz. Edo, “legeak behartuta” bakarrik egon zela han, alkate edo presidente karguarengatik, baina ez zuen deus jakin, ez zen deustaz jabetu.
Ezer ez da egia, noski, eta denborak emanen ditu datu eta informazio gehiago. CANeko gobernu organoetan urteetan ardura politikoa eduki izan ez balu bezala, etekinik batere atera gabe. Hamarnaka mila euroko gainsoldata opakuak kobratu izan ez balitu bezala.
Irudi kolpeak, adibidez, duela gutxi aukeratutako kontseilua kargugabetzea eta bere kidekoen batzordea izendatzea, CAN fundazio bihurtzeko urratsa kontrolatzen saiatzeko –fundazioak, ez da ahaztu behar, 35 milioi euro kontrolatuko ditu–, eta geroz eta diskurtso kritikoagoak, herritarren ideiarekin bat egiten dutenak, beharbada baietz, zerbait gertatu dela: “Fiskaltzarekin kolaboratuko dugu”.
Beharrezkoa bada pasibo guztia Sanzi eta sanzismoari kargatu beharko diogu, arduradun politiko bakar gisa. Eta UPNren kongresua ate joka. Sanz da arduraduna, baina ez dirudi bakarra denik. Begibistakoa da".