Manifestazioa deitu duen Kontuz! kontsumitzaileen elkarteko kideen hitzetan, Nafarroako Kutxan (CAN) gertatutakoak "muturreraino ikertzeko" eskatuko dute otsailaren 2an Iruñean. Herritar orori egin diete dei manifestazioan parte hartzeko, CANeko arduradunek "jende guztiari" egin diotelako kalte.
"Harrigarria da CANeko lapurretaren arduradun politiko zein ekonomikoek euren erantzukizunei izkin nola egiten dieten ikustea", adierazi dute Xabier Barber eta Hortensia Serrano kolektiboko bozeramaileek: "Heldu da unea 'nahikoa da' esateko, eta amaieraraino helduko den ikerketa zorrotz eta independentea egiteko".
Salaketa auzitegian
Kontuz! plataformak Miguel Sanz eta Enrique Goñiren kontrako salaketa jarri du Nafarroako Probintzia Auzitegian, eta Yolanda Barcinaren kontrakoa Nafarroako Auzitegian, foruduna delako. Besteak beste, CANeko neurri gabeko dietak, justifikatu gabeko inbertsioak eta informazio pribilegiatuaren erabilpena aipatu zituen Kontuz-ek astelehen eguerdian egindako prentsaurrekoan.