argia.eus
INPRIMATU
‘Caliban eta sorgina’ saritu dute Nafarroako liburu dendek iazko euskarazko liburu onenaren kategorian
  • Diego de Haro Nafarroako liburu denden elkarteak 2017an argitaratutako hiru lan saritu ditu, tartean Silvia Federiciren Caliban eta sorgina saiakeraren euskarazko itzulpena.

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 28a
Nafarroako liburu dendek iazko uztatik nabarmendu dituzten hiru liburuak.

Saritutako beste bi tituluak gaztelaniaz argitaratutakoak dira: Eduardo Halfonen Duelo eta Jesus Marchamalok idatzi eta Marc Torices-ek ilustratutako Cortazar, Julio Cortazar idazle argentinarraren inguruko lana.

Baina kasu honetan, nabarmendutako lan horiek bezainbesteko garrantzia du sariak berak, Nafarroako liburu denden gogoeta batetik etorri baita.

Katakrak liburu dendako Hedoi Etxartek Twitterren azaldu duenez, sari hau gremioarentzat jauzi bat izan da, “logistikaz arduratzetik (Liburuaren eguna, Liburu azoka) geure ogibideaz eta irakurketez eztabaidatzera” pasa direlako liburu dendetako kideak. “Solasaldi horien emaitza izan da sari hau”.

Izaera sinbolikoa du sariak, ez zaie irabazleei dirurik emango. Martxoaren 16an banatuko da.