argia.eus
INPRIMATU
Calaiseko errefuxiatuen kanpamentua eraisteko protestan ari dira kamioilari eta bizilagunak
  • 10.000 errefuxiatu (6.900 Poliziaren arabera) biltzen dituen kanpamentua desegitea eskatu eta segurtasun falta salatu dute Frantziako iparraldeko Calais hirian. Dunkerketik Calaisera doan A16 errepidea blokeatu dute hamarnaka kamioik eta inguruko baserritarrek eta bizilagunek giza katea osatu dute. Bitartean, Mantxako Kanaleko sarrera oztopatu du manifestari talde batek.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko irailaren 06a

“Beharrezkoa den denboran geldituko gara errepidean”, azaldu du Frantziako FNTR kamioilarien erakundeko Jean-Pierre Devignek Calaisera doan errepidearen blokeoaz galdegin diotenean, The Guardian egunkariak argitaratu duenez. Irailaren 5ean hasi dituzte protestak eta dirudienez borrokan jarraituko dute helburua lortu arte. Hots, Frantziako Gobernuak kanpamentua desegiteko eguna zehazten duen arte.

Richard Burnett Erresuma Batuko Errepideko Garraio Erakundeko burua kezkatuta azaldu da protestak izango dituen ondorioekin: “A16 errepideak blokeatua jarraitzen badu Britainia Handitik datorren garraioak oztopoak izango ditu portua uzteko”, azaldu du.

Calaiseko kanpamentuaren zati bat pasa den martxoan desegin zuen Poliziak baina oraindik milaka lagun daude bertan pilaturik, Britainia Handira joateko aukeraren zain. Merkatari eta kamioilariek salatu dute errefuxiatuek ibilgailua geldiaraztera behartzen dituztela, kamioian ezkutatu eta itsasoratuko diren ferryetan Britainia Handira ailegatzeko ahaleginetan.

Errefuxiatu askok hilabeteak daramatzate itsasoa gurutzatzeko zain, eta beste askok saiatu bai baina ez dute lortu. Udan esaterako bi pertsona hil dira Britainia Handira iristeko ahaleginetan. Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak irailaren 2an bisitatu zuen kanpamentua eta hura desegingo zuela hitzeman zuen. Haatik, ez du datarik zehaztu oraindik.

Pertsonen garraiorako Frantziako porturik garrantzitsuena da Calaisekoa. Erakunde humanitarioen arabera 900 adingabeko heldu baten zaintzarik gabe daude kanpamentuan.