argia.eus
INPRIMATU
Calais, ametsaren amaiera immigrante askorentzat
  • Afrika ekialdeko 1.200 immigrante inguru Calaisko basoetan, industrialdeetan eta etxe hutsetan kanpaturik daude. Helburua, Mantxako Kanala zeharkatu eta Britainia Handira iristea, bizitza berri bat hasteko.

Judith Perez @judyjudd 2014ko irailaren 05a
Calaisko portua (argazkia: AFP)

Libia oinez zeharkatzen dute gehienetan, barkuz iristen dira Italiara eta ondoren trena hartzen dute Frantziaraino, azkenik Ingalaterrara iristeko. “Amets faltsu bat saltzen diete: Ingalaterrako ‘El Doradoa’, baina iristen direnean dena gezurra dela konturatzen dira”, azaldu du Solid’R karitate enpresako Lacour jaunak Portaloaca.com webgunean gaiari eskaini dioten artikuluan.

Frantziako muga-poliziak dio 62.000 pertsona Italian lehorreratu direla urteko lehenengo sei hilabeteetan. Iaz, 8.000 baino gutxiago izan ziren. Philippe Mignonet Calaisko alkateordeak dio egunean 40 lagun inguru saiatzen direla Britainia Handira pasatzen, baina inork ez du datu ofizialik. Oxfordeko unibertsitatean egoitza duen Migrazio Behatokiaren datuen arabera, 417.000 eta 863.000 pertsona artean ilegalki bizi dira Britainia Handian.

Immigranteak Calaisko portuaren eta Eurotunelaren inguruan pilatzen dira. Errepidetik gertu itxaroten dute, depositua betetzeko gelditzen diren kamioien zain, haietara inork ikusi gabe igotzeko. Eurotunelean kamioiek azterketa sakonak pasatzen dituzte. Beraz, kamioietara sartzeko unerik egokiena miaketa horren ondorengoa da.

Kamioilari batzuk egoera aprobetxatzen dute, immigranteak eramatearen truke dirua kobratzeko: Bi gidari poloniarrek 14 eta 18 hilabete arteko kartzela zigorra bete beharko dute 11 afganiar Britainia Handira eramateagatik, bakoitzari 4.000 euro kobratuz.

“Babesgabe gaude”

Mafiak immigranteen egoeraz aprobetxatzen dira eta giza-merkantzia balira bezala tratatzen dituzte. Ondasun eta zerbitzuen produkzioaren kostuak beheratzeko erabiltzen dituzte, oligarkien mesedetan.

Behin helmugako herrialdera iristerakoan, oztopo gehiago aurkitzen dituzte: “Gure ahalmenak gutxiesten dituzte gure independentzia ekonomikoa eta garapena eragozteko. Ez dugu aukerarik. Dena kendu digute. Migrazioa deserrotzearen eta giza-egituren suntsiketaren sinonimo da”, salatu du egoera hau bizi duen pertsona batek.