argia.eus
INPRIMATU
CAF Palestinan eraikitzen ari den trenbidearen bigarren fasea hasi izana salatu dute
  • Okupatutako Jerusalemgo Ekintza Nazional eta Zibileko batzordeak jakinarazi du trenaren bigarren fasearen hasiera, eta gaitzetsi egin du kokalekuen arteko komunikazioa indartzea duelako helburu. Zisjordanian 22 kokaleku berri ezarriko dituela adierazi du Israelek.  

Unai Lomana Uribezubia 2025eko maiatzaren 29a
2024ko azaroaren 24an Palestinarekin Elkartasuna kolektiboak egindako manifestazioa, NBEk 181. ebazpena onartu eta 77 urtetara. Palestinarekin Elkartasuna

Okupatutako Jerusalemgo Ekintza Nazional eta Zibileko batzordeak adierazi du Palestinako tren proiektua "errealitate kolonial berriak inposatzeko eta hiria pixkanaka anexionatzeko politika sendotzeko" ahalegin nabarmena dela. Esan du proiektua ez dela garraio-instalazioen hobekuntzaren helburupean egiten, baizik, kokalekuen arteko komunikazioa errazteko. 

Israelek Palestinan ezarri dituen kokalekuak nazioarteko araudiaren kontrakoak direla, eragile askok salatu dutenez, eta CAF euskal enpresa eraikitzen ari den trenak kokalekuen finkapena elikatu besterik ez duela egiten salatu dute. Batzordeari jarraiki, trenak "asentamendu-proiektuari mesede egingo dioten aldaketa demografiko eta geografikoak inposatzen ditu", eta horrek guztiak Israelek duen "okupazioaren kontrola" indartzen du, batzordeak salatu duenez

Bide horretatik, CAFek duen erantzukizuna eta horrekiko Espainiako Gobernuak duen jarrera deitoratu du. CAFi legez kanpoko proiektuan parte hartzea egozten dio, "25 urte luzez" beharrezko hornidura eman baitu, eta horrek "herri palestinarraren eskubideen urraketan lagundu" duela salatu du. 

Espainiako Gobernuari bere jarrera berresteko eta neurriak hartzeko eskatu dio. Espainiak Palestinako Estatua aitortu zuen nazioartean, ondorioz, erabaki horretan berresteko eskatu dio batzarrak: Palestinako Estatuaren alde egotea, baina CAF enpresaren trenbidearen aurrean ez ikusiarena egitea, kontraesana da bere arabera. Eta beraz, Espainiako Gobernuak enpresa erretiratzeko "berehalako" neurriak hartu beharko lituzke bere ustez. 

"Espainiako Gobernu eta herriak Palestinako eskubideen alde duten jarrera" aintzat hartzen duela adierazi du, baita "justizia lortzeko eta Israelen okupazioari amaiera emateko egindako ahalegin guztiak" ere. 

"Herri juduaren aberri historikoa" 

Israelek jakinarazi du Israelek 22 kokagune berri ezarriko dituela Zisjordanian. Defentsa Ministro Israel Katzek adierazi du erabakia "estrategikoa" dela. Israelen "segurtasuna" bermatzea eta "ekialdeko ardatza indartzea" ere aipatu ditu ministroak; baina arrazoirik nagusiena "Palestinako estatuaren sorkuntza eragoztea" dela azpimarratu du. Finantza Ministroak Bezalel Smotrich-ek, berriz, arrazoi teologiko-historikoak erabili ditu kokalekuak justifikatzeko: "Herri juduaren aberri historikoaren parte diren lurrak dira", eta ez "besteen lurrak". 

Palestinako Aginte Nazionaleko bozeramaile batek mendebaldeari esku hartzeko eskatu dio, baita Hamasek ere: NBEri eta mendebaldeko herrialdeei "berehalako neurriak" hartzeko eskatu die, eta, "gaitzespen adierazpen hutsetatik haratago" joan behar dutela, "praktikoak" izan behar dutela, adierazi du antolakundeak. 

NBEk ezarritako nazioarteko araudiari jarraiki kokaguneak –1967tik Israel legeztatzen saiatu den horiek– legez kanpokoak dira, baina erakundeak ezartzen dituen ebazpenak ez dira lotesleak eta Israelek bere ekinbidea jarraitu dezake. Osloko Akordioak (1993) sinatu zirenetik Israelek ez ditu orain bezain beste kokagune ezarri.