Etengo du. Hori da kaskora supituan etorri zitzaidan pentsamendua, gosaria ahoan eta Euskadi Irratia sintonian, Imanol Pradales lehendakaria entzun nuenean CAF “gogoeta etikoa” egitera gonbidatuz, Palestinako lur okupatuetan trena eraikitzeko duen kontratua eten edo ez erabaki dezan. Zeren eta, barka mesfidantza, zaila egiten zait sinesten bat-batean jeltzaleek etika patrikaren gainetik jartzea: Lemoiz eta beste bi zentral nuklear eraiki nahi izan zituztenak, erraustegiak edo industria militarra bultzatzen dituztenak, edo Israeleko enpresa sionistekin Ertzaintza formatzeko kontratuak edo segurtasun arlokoak egin dituztenak.
Elkarrizketa propio berriz entzun eta nire susmo pelikuleroa indartu da, oharkabean pasatu den ñabardura dela eta: “CAFek badauka bere gogoa egiteko bidea (sic), eta guk Jaurlaritzatik errespetatuko dugu hartuko duen erabakia, jarraitzea edo etetea baldin bada”. Jaurlaritzak “errespetatu-ko” du CAFek “hartu-ko” duen erabakia; hau da, enpresa kontratua eteteko aukera hausnartzen ariko balitz bezala hitz egin zuen Pradalesek. Zerbait daki lehendakariak? (gogoratu dezagun, bide batez, Jaurlaritza CAFen akzioen %3aren jabe dela). Zerbait daki, eta ikusita euskal jendartean Israelekiko etsaitasuna areagotzen ari dela, balizko kontratu etete horren aurrean aurretiaz toki egokian kokatu nahi du? (“Txalotzen dugu erabakia, guk geuk bultzatu genuen hausnarketa hori”). Izan zitekeen, “gogoeta etikoa” egiteko komenigarritasuna horrela argudiatu baitzuen: “Badago giro bat, eta kontutan hartu behar da”.
Jaurlaritzak “errespetatu-ko” du CAFek “hartu-ko” duen erabakia; hau da, enpresa kontratua eteteko aukera hausnartzen ariko balitz bezala hitz egin zuen Pradales lehendakariak
Zer esan behar diote EAJri herritarren iritzia jasotzeko bere barne azterketa demoskopikoek, CAFen kasuan Jaurlaritzak publikoki etika patrikaren gainetik kokatzeko. Hori da bururatu zitzaidan bigarren pentsamendua. Eta bakarra behintzat ez naiz, Pradalesen hitzak lagun bati komentatu eta nik ezer esan aurretik horixe bera esan baitzuen.
CAFek kontratua etengo du? Agian bai, agian ez; oxala. Euskal Herritik Palestinaren aldeko, sionismoaren eta basakeriaren aurkako borrokari egin diezaiokegun ekarpen handienetakoa baita. Nazioarteko oihartzuna izango luke eta kontratu gehiagoren etetea ekarri lezake, mundu mailako boikot, desinbertsio eta zigor kanpaina hauspotuko luke.
Baina demagun artikulu honen hipotesia eldarnio hutsa dela, lehendakariaren hitzen interpretazioan urrunegi joan naizela; genozidioak genozidio eta euskal jendartearen iritziak iritzi CAFek ez duela inongo asmorik milioika euro irabazteari utzi eta kontratua eteteko. Gaur gaurkoz, gehitu beharko genuke, agian bihar bai. Nork sinistuko luke orain bi urte EAJko lehendakari batek horrelako adierazpenik egingo zuenik? Antolakuntzak eta presio herritarrak ematen du emaitzarik.