argia.eus
INPRIMATU
CAF-Elhuyar sariek lau zientzia lan goraipatu dituzte
ARGIA @argia 2015eko maiatzaren 15
Saridunak ezkerretik eskuinera: Gorka Azkune, Ostaizka Aizpurua, Amaia Portugal eta Estitxu Villamor. Argazkia: Elhuyar.

Dibulgazio artikulu orokorraren saria jaso du Gorka Azkunek Garun txiki birtualak lanagatik. Hirugarren aldia du sari bera jasotzen duela.

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, Ostaizka Aizpuruak jaso du. Arrantzale bihurtu zen ehiztari hegalariaren istorioa, alegia, saguzar hatz luzeen istorioa kontatu du bere lanean.

Estitxu Villamorri egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren aipamen berezia eman dio epaimahaiak. Karga-garraiorik gabeko elektronika berria izeneko lana ondu du Villamorrek.

Zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategorian, Amaia Portugal saritu dute Berrian argitaratutako Minimalismoa laborategian artikuluagatik. 2014an aipamen berezia lortu zuen egile berak.

Zientzia Gizartean sorkuntza-beka eman gabe geratu da, lan gutxi aurkeztu direlako eta aurkeztutakoek epaimahaiaren irizpideak betetzen ez zituztelako.

Julian Bereziartua mediku ezagunak Elhuyar Fundazioaren Patronatuak ematen duen Merezimendu Saria jaso du, medikuntzan euskara normalizatzen, eta  dibulgazioan egindako lanarengatik.

Sariak maiatzaren 14an banatu ziren Zarauzko Photomuseum Argazki & Zinema museoan.