argia.eus
INPRIMATU
CAF-Elhuyar sariak etetea erabaki dute, “baldintza egokirik” ez daudela arrazoituta
  • Zientzia-dibulgazioa saritzeko erreferentziazko sariak izan dira CAF-Elhuyarrekoak. Antolatzaileek 31. edizioa martxan zegoela etetea erabaki dute, "sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 30
2024 edizioaren irabazleak. Ezkerretik eskuinera: Mikel Ojinaga Juárez, Miren Basaras Ibarzabal, Ander Tobalina Novo, Laura Martinez Martin, Alejandra Bueno de Santiago, Aiskoa Perez Alonso, Antton Babaze Aizpurua eta Enekoitz Telleria Sarriegi. Iñigo Ibañez, Elhuyar.

CAF-Elhuyar sariek "zientzia eta teknologia arloko gaien eta ikerketen euskarazko kazetaritza lana saritzea eta aintzatestea" dute helburu. Azken ekitaldia iaz egin zuten Donostiako Tabakaleran.

Aurten, sariak etetea erabaki dute, 30 urte eta gero. "Baldintza txukunetan" ezin dutela sari banaketa ospatu arrazoitu dute prentsa ohar batean. Azken urteetan jaso duten lan kopurua "nabarmen egin du behera" eta antolatzaileen hitzetan "testuinguruak" ez du ahalbidetzen sariketa egitea.

Arrazoi horiek direla eta erabaki dute sariketa etetea, eta hurrengo ikasturteari begira, euskarazko zientzia-dibulgazio lanei ikusgarritasuna emateko moduen inguruan hausnartuko dute. Modu berean, aurtengo partehartzaileei barkamena eskatu eta eskerrak eman dizkiete.