argia.eus
INPRIMATU
Caf-Elhuyar saria: Unai Brearen erreportajea

2010ko martxoaren 19a

Unai Brea ARGIAko kazetariak Zientzia-kazetaritzaren arloko CAF-Elhuyar saria irabazi du, adimen artifizialari buruzko Iritsiko dira gure parera? erreportajearekin. Zientzia-gaien euskarazko dibulgazioa sustatzea xede duten CAF-Elhuyar sariak atzo banatu zituzten Usurbilen. Break jaso duen Zientzia-kazetaritzaren arloko sariaz gain beste bi eman zituzten: Leyre Echeazarra Gasteizko Farmazia Fakultateko ikertzaileak Dibulgazio-artikulu onenaren saria jaso du Ispilu-neuronek besteen larruan jartzen gaituzte artikuluarekin; eta Itziar Tueros EHUko ikertzaileak Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikulu onenarena, Bizkaiko Labe Garaien lorratzak Sopelanako hondartzetan lanarekin. Bestalde, Luis Mari Bandres zenari Merezimenduzko Aipamena egin zaio aurtengo CAF-Elhuyar sarietan.

Hemen duzue Unai Break ARGIA aldizkariaren 2.202. zenbakian (2009-10-18) plazaratutako erreportajea:

IRITSIKO DIRA GURE PARERA?

Zientzia-fikzioak aspaldi aurkeztu zizkigun beren kasa pentsa dezaketen makinak. Benetako zientzian ere bide horretatik ari dira batzuk; adimen artifiziala ikerketa-eremu zabala da, eta ildo asko ditu bere baitan, gu baino azkarragoak izango diren gailuak sortzeko helburua barne. Ezinezkoa, askoren ustez. Oztopo handiz betetako lasterketa, edozein kasutan.

Orain dela bi asteko Argian, Garbine Ubedak hainbat galdera interesgarri eginez amaitu zuen eboluzioari buruzko erreportajea. Horietako bat hau zen: “Gizakia makinarekiko sinbiosian biziko da ala haren morrontzan?”. Idatz dezagun orain beste modu batez: sortuko ditugu, noizbait, gure morrontzatik askatzeko gai izango diren makina adimentsuak? Adituen artean baiezkoaren zein ezezkoaren aldekoak daude. Seguruenik bigarren multzokoak dira gehiago, baina baietz diotenen ideiak kitzikagarriagoak dira. Haiei eskainiko diegu geure arreta lehenbizi.

Hans Moravec austriar zientzialariak ez du zalantzarik: sinbiosian lan egingo dugu –“biziko garela” esatea gehiegizkoa litzateke– makinekin, eta luze gabe gainera. Adimenaren umeak liburuan, Moravecek mende erdi barru kokatzen du “bazkide ‘naturalaren’ eta ‘artifizialaren’ arteko ezberdintasunak nabarituko ez diren” garai hori. Kontuan izan mende erdi horren puska ederra joan zaigula jada, liburua 1988koa baita.

“Zeharo sinetsia nago gizakiena bezalako adimena izango duten robotak guztiz gauza arruntak izango direla 50 urte barru”, zioen orduan austriar zientzialariak. Ez hori bakarrik: “Hemendik lasterrera, gizakiaren oinarrizko eginkizun guztiek –bai gorputzez eta bai adimenaz egiten ditugunak– ordain artifiziala izango dute. Makina horiek gure bilakaera kultural bera izango dute eta beren buruak eratzeko eta gero eta hobeak izateko gai izango dira gure eta gure geneen laguntzarik gabe. Hori gertatuko denean, gure ADNa langabezian geldituko da”.

Adimen hilezkorrak

Hans Moravecen ideiak transhumanismo izeneko pentsamendu ildoan kokatu daitezke. Beste transhumanista batek, Raymond Kurzweilek, The age of spiritual machines (Espiritudun makinen aroa) izeneko liburu hagitz interesgarria argitaratu zuen 1998an. Aurreikusi zuen hamarkada gutxi barru adimen artifiziala eta adimen naturala maila berean egongo direla, eta handik lasterrera lehenengoak bigarrena gaindituko duela.

Makinek beren kasa egingo dituzte aurkikuntza zientifikoak. Gizakiok, gero eta gehiago, gure gorputzetan txertatutako gailuen bidez komunikatuko gara makinekin, eta une bat iritsiko da non gizakiak eta makinak bereizten dituen marra oso lausoa izango den, ia desagertzeraino. Are gehiago, ez da egongo lotura argirik adimenaren eta euskarri fisiko baten artean; adimenak batetik bestera ibiliko dira, Interneten antzeko sare batean bidaiatuz. Hori 2099. urterako aurreikusi du Kurzweilek. Ondo irakurri duzue: 2099. Argitu dezagun, norbaiti freaky hitza ezpaineratu baino lehenago, estatubatuarra ospetsua dela bete-betean asmatu duelako teknologiaren bilakabideari buruz emandako zenbait iragarpenetan. 2009rako eman zituenetako asko, hala ere, ez dira gauzatu. Momentuz.

Zertxobait apalago, Hans Moravecek ere hitz egiten du gure gogamena, gorputzarekin batera hiltzen dena, burmuinetik atera eta beste euskarri batzuetara transferitzeaz. Horrek hilezkor bihurtuko gintuzke nolabait, gure gorputzak hil arren. Ideia hauek maisutasunez adierazi zituen Isaac Asimovek The last question (Azken galdera) ipuinean. Ingelesez ez ezik, gaztelaniaz ere oso-osorik irakur dezakezue Interneten.

The last question 1956an argitaratu zen. Urte berean, zientzialari handi talde bat elkartu zen Dartmoutheko Biltzar historikoan, eta han sortu zen “adimen artifiziala” esamoldea, ez denen gustukoa, bide batez esateko, arlo horretan lanean dabiltzanen artean. Horietako bat dugu Basilio Sierra, EHUko Informatika Fakultateko irakaslea eta Adimen Artifizialaren Espainiako Elkarteko (AEPIA) zuzendaritza batzordeko kidea. “Horretan aritzen garenok”, esan digu, “badakigu hor ez dagoela ez adimenik ez halakorik, baizik eta ordenagailu batean, egindako kalkulu batzuen arabera, ateratako ondorio batzuk. Hori besterik ez da”.

- Irakurri artikulu osoa PDF formatuan.