Palestinarrek bizi duten “jazarpen egoera” dela eta, Caetano Veloso musikari brasildarra ez da Israelera bueltatuko. Hala azaldu du Velosok berak Folha de São Paulo egunkarian argitaraturiko Israel bisitatu, Israelera inoiz ez itzultzeko artikuluan. Bertan kantautoreak herrialde horretara Gilberto Gilekin batera eginiko bidaiaren nondik norakoak kontatu, eta Israelgo estatuak palestinarrak zapaltzen dituela salatu du.
Velosok dioenez, 1980ko hamarkadaz geroztik hainbatetan izan da Israelen, herrialdea “fisikoki” oso du gustuko, eta bertan ez dagoenean “faltan” botatzen du. Haatik, azpimarratu du ziurrenik ez dela inoiz itzuliko. “Hirugarren intifada geroz eta gertuago dagoen honetan, aitortu beharra daukat Tel Aviven ikusten edo ikusi nahi nuen bakea hauskorra, azalekoa eta iruzurrezkoa dela”.
Halaber, bidaian ezaguturiko jendearen testigantzei aipamen egiten die artikuluan, esanez testigantzok herri palestinarrarekiko segregazioaren, biolentziaren eta zapalkuntzaren berri ematen dutela.
Velosoren hitzek Brasilgo israeldarren haserrea piztu dute
Brasilgo Israeldarren Konfederazioak kantautorearen adierazpenak gaitzetsi ditu, “ez baitute kontuan hartzen palestinarren juduen aurkako terrorismoa akuilatzen dutela”. Erakunde honen aburuz, Veloso “olatu antisemitan” erori da, eta Israelera “benetan gertatzen dena ikustera” itzuli beharko litzateke.