Rodolfo Ares EAEko Herrizaingo sailburu ohiak Iñigo Cabacasen hilketari buruz hitz egin zuen atzo Eusko Legebiltzarreko segurtasun batzordean.
EH Bilduk eskatuta hitz egin zuen Aresek eta Cabacas hil zen egunean Ertzaintzak izandako portaera bigarren planoan utzita, koalizio abertzalearen kontra egiteko baliatu zuen agerraldia: “Zuek desprestigio kanpainan ari zarete” esan zuen ertzainen buru ohiak. “Kontuak garbitu nahi dituzue Ertzaintzarekin, urteetan zuen lagunei eragotzi dielako nahi zutena egitea”.
Cabacasen hilketari dagokionez, Aresek ziurtatu zuen epailearen esku jarri zuela “informazio guztia” eta polizia autonomikoan barne-ikerketarik ez egiteko arrazoia zera dela: barne-araudiak debekatu egiten duela diziplina neurririk hartzea epaile baten sententzia irmorik egon arte.
Ertzaintzak gomazko pilotak tirokatzea justifikatuta dagoela uste du Aresek eta berretsi du 2012ko apirilaren 5ean Maria Diaz de Haro kalean “istilu larriak” izan zirela.
Aurtengo apirilean Naizek argitaratutako ertzainen grabaketek gezurtatu egiten dute bertsio hori, Deustuko kasernako ertzainburuaren eta kalean zebiltzan agenteen arteko elkarrizketetatik ondorioztatzen baita istilurik ez zegoela jakin arren agindu zela kargatzea.