Ehunka lagun kalera atera ziren atzo arratsaldean, abenduak 1, Iñigo Cabacasen auzian "injustiziekin bukatzea" exijitzeko eta bere senide zein lagunei babesa agertzeko. Ana Torres epaileak datorren astean erabakiko du epaiketa egin edo auzia artxibatuko duen.
Cabacas auziaren ikerketa ixtearen beldur dira familia eta lagunak "txarrena espero" dutelako, kasua artxibatzea. Hain zuzen ere, asteartean, abenduak 6, amaitzen da instrukzio fasearen sei hilabeteko luzapena eta ondorioz, Ana Torres epaileak epaiketa egin edo kasua artxibatzea erabaki beharko du datorren astean bertan. Egoera honen aurrean, Iñigo Cabacasen senide eta lagunak ikerketa ixtearen beldur dira eta "injustiziatzat" jo dute kasuaren balizko artxibatzea. Hori dela eta, atzo arratsaldean manifestazioa egin zuten ehunka herritarrekin batera Bilboko kaleetan barrena, Iñigo Cabacas injustizia gehiagorik ez lelopean.
Martxa Iñigo Cabacas zauritu zuten lekuan bertan hasi zen, Maria Diaz de Haroko kalezuloan, eta ibilbide osoan zehar "Iñigorentzat justizia" eskatzen zuten oihuak nagusitu ziren.
Bizkaiko Justizia Jauregira heltzean, Iñigo Gogoan plataformako kidea den David Gonzalezek adierazi zuen 4 urte eta 7 hilabete pasatu direla Iñigo gabe, "justizia gabe". Instrukzio fasea sei hilabetez luzatzea lortu bazuten ere, gogora ekarri zuen "intrukzioa ez dela epaiketa bat, Iñigok ez duela oraindik epaiketarik izan eta baliteke inoiz ez izatea".
Hain zuzen ere, ekainean bukatu behar zen instrukzio fasea baina familiaren defentsako abokatuak honen luzapena eskatu zuen, “proba guztiak ez zirelako egin eta egia osoa ezagutzen ez delako”. Momentu hartan bi helegite jarri zituzten; lehenengoa Ugarteko ezizenaz ezaguna den ertzainburuaren inputazioa eskatzeko; eta bigarrena, El Correo agerkarian elkarrizketa bat eskaini zuten inputatutako poliziek berriro deklaratzea eskatzeko. Elkarrizketa hartan Iñigo zauritu zuten egunean ertzain gehiagok egin zutela tiro adierazi zuten, epailearen aurrean horrelakorik esan ez zuten arren.
Helegiteak jarri zituztenetik 6 hilabete igaro direnean, "inolako erantzunik jaso ez dutela" gogor salatu zuten; "familiarekiko begirune falta" azpimarratuz.
Albiste hau Bilboko Urolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAk.
Argazkiak: (Txeng Meng Flickr)