Ertzaintzak kaleratu egin ditu Gurutzetan itxialdian zeuden C hepatitis gaixoak

  • Erietxeko zuzendaritzaren eskariari men eginez, Ertzaintzak kalera atera ditu goizetik Gurutzetako ospitaleko sarrera nagusian zeuden C hepatitis gaixoak. Kaleratzea istilurik gabe egin dute.


2015eko maiatzaren 07an - 14:38
Gurutzetan itxialdia hasi dutenek Osasun Sailarekin zuzenean hitz egin ahal izatea eskatu dute. (Arg.: Unai Brea)

C hepatitisaren gaixoen plataformako kideek interferonik gabeko sendagai berriak ukatzen zaizkiela salatzeko hasi dute itxialdia. “Medicación ya” (Sendagaiak orain) eskatzen duen pankarta paratu dute lurrean, eta Osasun Saileko ordezkariren batekin elkartu eta gaur egungo egoera gainditzeko hitz egitea galdegin dute.

Adierazi digutenez, apirilaren 1ean Osakidetzak hepatitis C gaitzerako botika berriak emateari utzi zion, urtarriletik banatzen ari ziren arren. Espainiako Estatuan hala gertatu den erkidego bakarra da EAE, haien berbetan. “Eta ez digute azaldu jokabide horren zergatia”.

Eskaria argia da: tratamenduei berriz heltzea. Medikuak euren alde daudela baina presioak jasaten dituztela salatu dute: “Onartzen dute guri balio digun tratamendu bakarra berria dela, interferonik gabekoa, baina guztiz debekatuta dute ematea, lanean arazo larriak izan ditzakete hala eginez gero”.

2014an gaixo askori tratamendua ukatu izanak zer nolako ondorioak azpimarratu digu gizon batek, amorratuta: “Joan den asteartean kartzinoma bat detektatu didate; tratamendua hartu izan banu, akaso, ez nukeen garatuko. Nola jakin orain botika hartu ezin duten horiek ze ondorio izango duten hemendik hilabete batzuetara?”.

Osasun Sailarekin zuzenean hitz egin nahi dute

"Hedabide batzuetan ikusi dugunez, botika berria astelehenean [maiatzak 11] berriro banatzen hasteko asmoa omen du Osakidetzak, nahiz eta 15era arte ez zegoen aurreikusita hori erabakitzeko bilera egitea. Nolanahi, inor ez da etorri zuzenean gurekin hitz egitera. Bitartean hemen jarraituko dugu", adierazi dute arratsaldeko lehen orduan, kaleratuak izan baino lehenago.

Arratsaldean Arabako gaixo batzuk elkartu zaizkie. Adierazi dutenez, apirilaren 24an Gasteizko Txagorritxu erietxean egindako itxialdiaren ondorioz botika ematen hasi zitzaizkien, baina handik pare bat egunera lehengo egoerara itzuli ziren. Gipuzkoan gertatzen ari denaz, berriz, oso informazio gutxi dagoela esan dute plataformako kideek.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: C hepatitisa
Eguneraketa berriak daude