argia.eus
INPRIMATU
BVE talde parapolizialak gutxienez 40 lagun hil zituen 1975 eta 1983 artean, Iñaki Egañaren arabera
  • Iñaki Egaña historialak Impunes (Txalaparta, 2025) liburuan dio frankismoak talde parapolizialetara jo zuela errepresioa "itxurak mantenduta" ezartzen jarraitzeko, eta beren kideen "inpunitatea" azpimarratu du. Duela 50 urte sortua, bederatzi urtetan 40 lagun hil zituen Batallón Vasco Españolek eta basakeria ugari egin zituen Euskal Herrian.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko ekainaren 19a
Felipe Sagarna 'Zapa' hernaniarra hil zuten tokian herritarren omenaldia bere hiletan. Argia artxiboa / CC-BY-SA

Formatu txikiko baina mami askoko liburua kaleratu du Iñaki Egañak Txalapartarekin: Impunes. Batallon Vasco Español (1975-1983). Izenburuak dioen moduan talde parapolizial horren krimenak zigorgabetasun erabatekoan geratu direla azpimarratu nahi izan du bertan. Asteazken honetan aurkeztu du lana, Donostiako Hontza liburu-dendan, eta Josu Urrutikoetxearen hitzaurrea darama.

BVEk bederatzi urtetan 40 lagun hil zituen Euskal Herrian, "GALek baino hamahiru gehiago", nabarmendu du Ramon Solak Gara egunkarian egindako erreseinan. Baina horrez gain, 600 ekintza baino gehiago eta basakeria handiak egin zituzten talde parapolizial horretako kideek, Bidasoaren mugaren bi aldeetan, bahiketak, bortxaketak eta atentatu indiskriminatuak tarteko.

Odol arrasto lazgarri hori utziagatik ere, kasik inor ez da zigortua izan, Ignacio Maria Iturbide Piti eta Ladislao Zabala kenduta. Bi kide horiek Hernani, Astigarraga eta Andoainen, "heriotzaren triangeluan", izua zabaldu zuten.

Egañak liburuan BVEn sorrerari buruzko hipotesi bat darabil: ordura arte frankismoak errepresioa disimulurik gabe ezartzen bazuen ere, Burgoseko Prozesuaren ondoren, "itxura mantentzeko" sortu zituzten Guerrilleros del Cristo Rey eta BVE bezalako talde parapolizialak –azkeneko honek 1975ean, duela justu 50 urte egin zituen bere lehen ekintzak–.

Baina atzean estatua zegoela jakina zen, eta "X jaun" bat jarri beharko balu historialariak izen bat eman du: Manuel Fraga Iribarne