Emakumeak langileen %40,27 diren arren, goi karguetan aritzen direnak %12,8 dira soilik. Soldata desberdintasuna eta kontziliaziorako zailtasunak dira arazo nagusia.
Lan munduan gizonek segitzen dute agintzen Espainiako Estatuan. Ondorio hori atera dute burtsan dauden konpainia handienak aztertuz Esade taldeak egindako inkesta batetik, Cinco Dias egunkariak kaleratu duenez. Goi karguetan daudenen artean gehiengo handi bat gizonak dira eta emakumeek zailtasunak baino ez dituzte.
Hala, zuzendaritzan dauden emakumeen %71k uste du enpresak gizonen alde egiten duela ardura handiagoko postuak izendatzeko garaian. Galdetutako emakumeek soldata desberdintasuna nabarmendu dute oztopo nagusi bezala, baita kontziliazioa “emakumeen arazo” moduan hartzen segitzen dela ere.
Enpresa horietan genero berdintasuna bermatzeko neurriak eskasak direla nabarmen utzi du inkestak: soilik %16,5ak uste du pausoak eman direla. Neurrien artean, “barne politika” ardatz hartu behar dela diote inkestan parte hartu dutenen erdiek.