argia.eus
INPRIMATU
Burlatan ostegunerako ezarrita dagoen etxegabetzea gelditzera deitu dute
  •  Ostegunean, 09:00etarako, Burlatako San Frantzisko kaleko 6. zenbakian jarri dute hitzordua Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Harituk eta Berriozarko PAHk.

Gedar @GedarLangileKZ 2025eko urriaren 07a
Gedar

Aurreko ostiralean, urriaren 3an, Burlatako (Iruñerria, Nafarroa) udaletxe aurrean elkarretaratu ziren hainbat pertsona, Etxegabetzeari aurre egin! eta Etxebizitza alternatiba orain! lelopean. Izan ere, berehala etxegabetua izateko arriskuan dago Burlatako familia bat (emakume bat eta bere bi seme-alabak), ostegun honetarako baitago ezarrita euren kaleratzea. "Instituzioen ekintzarik ezak familia bat kale gorrian utz dezake", ohartarazi zuten Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Harituk eta Berriozarko Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak (PAH).

Ostiraleko kontzentrazioan nabarmendu zuten, dena den, "antolakuntzak eta mobilizazioak familia horren egoera are gehiago okertzea ekidin dezaketela". Horiek horrela, desalojoari aurre egitera deitu zuten: ostegun honetan, goizeko 09:00etarako, Burlatako San Frantziskoko 6. zenbakira bertaratzeko deia luzatu dute.

Protesta osoko bilkuran

Aurreko asteko elkarretaratzeaz gain, joan den irailaren 25ean ere udaletxera jo zuten aipatutako hiru kolektiboek, etxegabetzearen kontra protesta egiteko. EH Bildu buru duen udal-gobernuari exijitu zioten "erakunde publikoek egoera zaurgarrian dagoen familia horrentzako benetako alternatiba eskaintzeko betebeharra asumitu dezatela". Orain arte, udalak "baliabide falta" argudiatu du arriskuan den familiari bizitoki-alternatibarik ez bermatzeko, baina salatzaileek ez dute arrazoi hori onartu.

Baliabide falta?

"Gizarte-zerbitzuekin eta Burlatako Udalarekin hainbat hilabetez bildu ondoren, ez horrek ez Nafarroako Gobernuak ez dute oraindik ezer eskaini, eta horrek familia egoera larrian uzten du", ekarri dute gogora Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Harituk eta PAHk. Uste dute "onartezina" dela "familia bat kalean geratzea pertsona guztiek etxebizitza bat izateko baliabideak dituen gizarte batean", eta seinalatu dute etxebizitzaren negozioa dela egoeraren erantzule, "baliabide horiek etekin pribatuaren mesederako bahituta" dituelako.

Familia, iruzur baten biktima

Salaketa egin duten hiru kolektiboek irailean eman zuten familiaren egoeraren berri. "Familiak duela urtebete baino gehiago alokatu zuen logela, iruzur baten biktima izaten ari zela jakin gabe, legez kanpoko azpierrentamendu bat baitzen", ekarri dute gogora. Jabeak etxebizitza berreskuratu nahi du orain, eta biktimak, berez, prest daude etxea uzteko, egoera txarrean dagoela azaldu baitute. Hala ere, alokairuen "neurrigabeko prezioen ondorioz", ez daukate nora jo une honetan. "Etxegabetzea gauzatuz gero, familia hori kalean gera liteke".