argia.eus
INPRIMATU
Burlatako gaztetxea arriskuan dagoela salatu dute
  • Prentsaurrekoa egin dute gaztetxeko kideek, gaztetxearen egoera azaldu eta haren kontra Burlatako PSNk eta Navarra Sumak izan duten jarrera salatzeko.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 12a
Prentsaurrekoan salatu dute Navarra Sumak eta PSNk haien interes elektoralisten arabera jokatu dutela gaztetxearen auzian. (Argazkia: Burlatako gaztetxea)

Burlatako gaztetxea arriskuan dagoela salatu dute bertako kideek, ostegunean egindako prentsaurrekoan. Azaldu dutenez, duela urtebete Burlatako PSNk gaztetxearen eta Udalaren artean sinatutako lagapen kontratua salatu zuen Nafarroako Administrazio Auzitegian, eta epaileak adierazi zuen hitzarmenak ez zituela irizpide legal guztiak betetzen. 

Hala, Navarra Sumako Udal gobernu taldearekin biltzen saiatu da Burlatako Gazte Asanblada. Gaztetxeko kideen hitzetan, Navarra Sumak "negoziazioa oztopatu besterik" ez du egin, hasieran elkarrizketarako prestutasuna adierazi bazuen ere, "egoera luzatzen" aritu delako. Duela astebete komunikatu zuen gobernu taldeak ez zuela gaztetxearen auziari irtenbiderik emateko asmorik.

Prentsaurrekoan PSNren eta Navarra Sumaren jarrera salatu dute, eta biak egin dituzte gaztetxearen arrisku egoeraren errudun. Lehenari dagokionez, azpimarratu dute Gazte Asanblada sortu zenetik, "haren izaera politikoa dela-eta", asanbladaren aurka egin duela. "Gure eskubide politikoen aurkako erasoak gauzatzen ditu PSNk etengabe, eta arma politiko moduan erabiltzen du gaztetxea bere interes partikularrerako". Salatu dute PSNren salaketa interes alderdikoi eta elektoralek bultzatu dutela, hauteskundeak bertan baitira.

Navarra Suma, "PSN bezain errudun"

Testuinguru berean, Navarra Sumaren gobernu taldearen helburua hauteskundeei begira "ahalik eta kalte gutxien pairatzea" izan dela adierazi dute prentsaurrekoan. Navarra Suma PSN bezain erruduntzat jo dute; azaldu dutenez, pasa den urteko negoziazioetan hitzarmena behar bezala egiteko aukera izan zuten eta ez zuten egin. Gainera, gaztetxearen bost urteetan gobernu ezberdinekin egindako bi kontratuek ez dute "inolako baliorik" eduki. 

Instituzioetatik kanpo antolatzeko aldarria egin dute: "Ez dugu nahi gure jarduna hauteskundeen, aurrekontuen eta udaletxean boterea daukan alderdiaren borondatearen menpekoa izatea".