Margoketa faxistak egiteaz gain, kalte haundiak eragin dituzte erasotzaileek. Ostegun arratsaldean asanblada bat egin dute erasoaren aurrean zer egin erabakitzeko.
Ezezagun batzuek kalte ugari sortu dituzte asteazken gauean Burlatako gaztetxe berrian. Goizaleko 5:00ak aldera izan da erasoa, gaztetxeko kideen ustez. Zakarrontziak zapuztu eta zabor guztia lurretik bota dute, egindako horma irudian pintura bota dute eta esbastikak margotu dituzte.
Gazteek egindako chill out zonaldea guztiz zapuztu dute: eserlekuak apurtu, mahaiak irauli... Gaztetxean sartzen saiatu dira, harriak ateen kontra bota ere egin dituzte, baina ez dute lortu helburua. Gaztetxearen kartela ere lapurtu dute, eta musika ekipo txiki bat apurtu dute.
Argazki galeria:
Gaztetxea duela aste batzuk okupatu zuten. Nafarroan gaztetxeen loraldia erreportaian Ahotsa.infok gaztetxeko kide bat elkarrizketatu zuen. Gazte honek azpimarratu zuenez, gaztetxea herriko gazte guztiendako gune autogestionatu bat izanen zen. Ostegun arratsaldean asanblada deitu dute eraso honen aurrean zer egin erabakitzeko.
Albiste hau Ahotsa.infok argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.