argia.eus
INPRIMATU
Burkinia ez debekatzeko eskatu die NBEk Frantziako udal agintariei
  • Giza Eskubideen Bulegoaren aburuz “ezin da genero berdintasunik lortu emakumeek soinean eramatea erabakitzen duten janzkera arautuz". Frantziako Estatu Kontseiluak burkiniari betoa kentzeko agindu dio udalerri bati; zenbait tokitan, ordea, jakinarazi dute galarazten jarraituko dutela.

ARGIA @argia 2016ko abuztuaren 31

Nizako hondartza batean poliziek emakume bati burkinia erabiltzea eragotzi zioten joan den astean; gertaera horrek are gehiago bizitu du bainujantzi mota horri Frantziako toki askotan jarritako debekuak piztutako sua. Estatu Kontseiluak debekua bertan behera uzteko eskatu dio Villeneuve Loubet komunari, Okzitaniako Kosta Urdinean. Berehala, beste hainbat udalerrik jakinarazi dute ez dutela kasurik egingo.

Nazio Batuen Erakundeak udal agintari guztiei eskatu berri die ez daitezela “aprobetxatu” gobernuaren irizpenaren “muga geografikoez” eta kendu dezatela debekua. Twitter kontutik burkiniaren inguruko iritzia eman du Giza Eskubideen Bulegoak: “Jantziaren inguruko arauek modu desproportzionatuan eragiten die emakume eta neskatilei, argi eta garbi diskriminatuz”.

Bestalde, NBErentzat zenbait jantzi eramatea debekatzeak ez du “inolaz ere egoera hobetzen segurtasun ikuspuntutik”. Nazioarteko erakundearen ustetan erlijioaren adierazpen askatasuna oso egoera zehatzetan baizik ezin da mugatu.