Eusko Jaurlaritzak 2016rako aurrekontu proiektutik ezabatu du SHESA enpresa publikoak Burgos iparraldean, Angosto-1 izeneko baimen-eremuan, egin gura dituen hidrokarburo esplorazioaren aipamena. Hala, hidrokarburo ez-konbentzionalak aurkitzea espero den eremu guztietan datorren urtean lanik egingo ez dela aditzera eman du Lakuak, egun batzuk lehenago Enara Handia eremuari buruzko aipamena ere kendu eta gero –eremu horri dagozkio Subilla Gasteizen egitekoak ziren zundaketak– .
PSEko José Antonio Pastorrek eta Susana Corcuerak iragarri zuten Enarako proiektuak aurrekontuetatik kanpo geratuko zirela, EAJk eta PSEk haien inguruan egindako akordioaren testuinguruan. Nonbait, Jaurlaritzak aurkeztutako proiektua babesteko sozialistek ipinitako baldintzetako bat zen frackingerako dirurik ez bideratzea.
Bai Enara bai Angosto-1 eremuetan hidrokarburo ez-konbentzionalak aurkitzea espero du SHESA sozietate publikoak. Hidrokarburo mota hori erauzteko, gaur-gaurkoz, ezinbestekoa da frackinga erabiltzea. Horrek talka egingo luke, noski, ekainean Eusko Legebiltzarrak onartu zen frackingaren legearekin, debeku esplizitua ezarri gabe de facto teknika hori baliatzea eragozten duena.
PSEren haserrea, Fracking Ez-en ironia
Lege horrek ez die eragiten Angosto-1eko eremuko prospekzioei, EAEtik kanpoko lurretan egitekoak baitira. Edozelan, PSEko hainbat kideri ez zitzaien ondo iruditu hasiera batean Enara Handiko proiektua baizik ez kentzea aurrekontu proposamenetik, eta zenbait elkarrizketa pribatutan adierazi zuten luze gabe etorriko zela Angosto-1eko proiektua ere ezabatzea, hala izan denez.
Fracking Ez plataformaren iritziz, adierazgarria da legea bete edo ez betetzea aurrekontuen negoziazioaren menpekoa izatea. Eusko Jaurlaritzak frackingaren legea saihesteko darabiltzan amarruak salatu dituzte 100.000 sinadura bilduz araua abiarazi zuten Herri Ekimen Legegilearen sustatzaileek.
Hidrokarburo konbentzionalak besterik ez
Jaurlaritzako Ekonomia Garapen Sailak behin baino gehiagotan adierazi du ez dagoela EAEn “fracking egitasmoez” hitz egiterik, prozedura guztiak esplorazio fasean baitaude, eta beraz ezin baita segurutzat jo zundaketetan agertuko dena ustiagarria izango den eta, izatekotan, horretarako frackinga erabiltzea derrigorrezkoa izango ote den.
Nolanahi, Lakuak onartzen du aurreikus daitekeela zer hidrokarburo mota agertuko de eremu bakoitzean. Hala, hidrokarburo ez-konbentzionalak egongo direla –eta hortaz, etorkizunean frackinga erabiliko litzatekeela– uste den eremu bien aipamenak kendu dituzte 2016ko aurrekontu proiektutik, baina hidrokarburo konbentzionalak –ohiko tekniken bidez erauzten direnak– egon litezkeen beste lau eremutako lanekin jarraitzeko asmoa du Jaurlaritzak. Baliteke, haiek esandakoari jarraiki, ustekabean ez-konbentzionalak agertzea gune horietan.
Itsasoko prospekzioak mantentzen dira
Bestalde, ingurumen inpaktu handiak aurreikusten dira horietako zenbaitetan. Kantauri itsasoan dauden Fulmar-1 eta Pelicano-1 guneetan aurreikusitako zulaketek, esaterako, eragin negatiboa izan dezakete uraren kalitatean, arrantzan, biodibertsitatean eta abar, istripu arriskua ez aipatzearren.
Espainiako Gobernuak 2014an eman zuen aldeko Ingurumen Inpaktu Adierazpena Fulmar-1 eta Pelicano-1 baterako. Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen aurrekontu proiektuan azaltzen denez, 2016rako helburua da eremua ustiatzeko baimena berritzea, 2015eko urtarrilean iraungi baitzen.