argia.eus
INPRIMATU
Buenos Airesek ezingo du erraustegirik eraiki, auzitegiak lege aldaketa ezabatuta
  • Elena Liberatori epaileak Buenos Airesko udal gobernuari debekatu dio hondakinak erre ahal izatea. Udalak joan den maiatzean ezkutuka eta eztabaida publikorik gabe bozkatu zuen zaborren errausketa baimenduko lukeen lege aldaketa eta orain auzitegiak agindu dio horrelakorik ebaztekotan eztabaida eta bozketa publikoz egin behar duela.

Zero Zabor @zero_zabor 2018ko uztailaren 16a
Erraustegiaren kontrako mobilizazioa Buenos Airesko karriketan joan den maiatzean.

Jokoan zazpi erraustegi daude, hondakinen kontratista pribatuak ez dira bromatan ibiltzen. Baina oraingoz itxarotea egokitzen zaie, Argentinan bederen. Buenos Airesek 2005etik dauka Basura Cero [Zero Zabor] legea ezarrita. Orain, 2005eko legeak ezarritako lehentasunak bete gabe dirauen bitartean, zerbitzu publikoen kontrata pribatuen eta erraustegien multinazionalen presioz, udalak legea aldatzeko asmoa zuen konpainia horiei sarbidea irekitzeko. Maiatzaren 3ko gau-erdian hartu zuen udal gobernuak bere deliberoa, garrantzia horretako erabaki batek aurretik eskatzen duen jakinarazpen publikoa eta eztabaida saihestuz.

Ondorengo hilabeteetan gogor mobilizatu dira hondakinen gaikako bilketa eta birziklatzetik bizi diren cartonero jendeak. Munduko beste leku askotan bezala, Argentinan ere oso borrokalariak dira Federacion Argentina de Cartoneros y Recicladores elkarteak biltzen dituen kaleko hondakin-biltzaileok eta beren mobilizazioekin lortzen ari dira gero eta gehiago beren lana ogibide arautu bihurtzen joatea. Erraustegiek muturra sartzeak ekarriko luke, beste hainbat kaltez gain, beren lanbideen galera ere. Kaleko biltzaileok lan handia egin dute hilabeteotan hondakinen gaikako sailkatzearen garrantzia eta errausketaren kalteak herritarrei jakinarazten.

Francisco aita santu katolikoa sarritan mintzatu da cartonero birziklatzaileon alde. Hala egin zuen Argentinan Bergoglio apezpikoa zenean eta hala egin zuen publikoki berriro bideoz 2013an: