argia.eus
INPRIMATU
BSHko langileek Eskirotzeko lantegiko sarrera moztu dute berriz, kaleratzeen aurka
  • Joan den astean iragarri zuen BSH enpresak Eskirotzeko lantegia itxiko zuela langile batzordeak, Espainiako Industria Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak eginiko eskaerei jaramonik egin gabe. Asteartean egingo dute Enplegu Erregulazioko Espedientearen negoziatzeko lehen bilera, eta 655 langile kaleratuko dituzte.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 16a
BSHko Eskirotzeko lantokiko langileek egin duten barrikada astelehen goizean. LAB Nafarroa

BSH enpresak Eskirotzeko lantegia itxiko zuela iragarri zuenetik, borrokan jarraitzen dute kaleratuak izango diren lantegi horretako 655 langileek. Enpresaren zuzendaritzaren erabakia jakin eta hurrengo egunean lantegiko sarreraren aurrean protesta egin zuten langileek, sarrera moztu zuten barrikadekin eta zuzendariaren sarrera saihesteko eserialdia eginda. Polizia bertaratu zen lekura, eta eserialdia eragozten saiatu zirenean tentsio uneak bizi izan ziren. Bada, langileek lantegiko sarrera moztu dute berriz astelehenean, eta Guardia Zibilaren hainbat patruila bertaratu dira lekura.

BSHk Ezkirotzen duen lantegia ixteko prozesuari aste honetan ekingo dio, hain zuzen, asteartean: egun horretan egingo dute Enplegu Erregulazioko Espedientearen baldintzak negoziatzeko lehen bilera enpresaren zuzendaritzak eta langile batzordeak –UGTk sei ordezkari ditu; LABek hiru; ELA, ATISS eta CCOOk bina; eta bakarra Solidarik–. Astelehen eguardian enpresaren zuzendaritzak oraindik ez du jakinarazi noiz eta non izango den langile batzordearekin edukiko duen bilera hori. Enplegu Erregulazioko Espediente horren bitartez BSHk 655 langile kaleratzeko asmoa du, Ezkirotzeko lantegian lan egiten duten guztiak.

Langileak, denbora eske

Langile batzordeak ez ezik, Espainiako Industria Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak eskatua zioten enpresari lantokiaren itxiera atzeratzeko, bien bitartean lantokiaren etorkizuna bermatuko lukeen proiekturik garatzeko. Hain zuzen, BSHko langile batzordeko hiru ordezkarik –tartean, Juanjo Hermoso de Mendoza lehendakaria (LAB)– Europako Batzordera eraman zuten joan den asteko astelehenean lantegiaren itxiera atzeratzeko deia. Bruselan, Europako Batzordeko Industria Estrategia eta Pertsonak, Gaitasuna eta Prestakuntza sailetako ordezkariekin bildu ziren, Industria Estrategia eta Pertsonak, Gaitasuna eta Prestakuntza sailetakoekin, zehazki.

Langile batzordeko hiru ordezkariekin batera, bileran izan ziren Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria kontseilaria eta Carmen Maeztu Gizarte Eskubideetakoa eta lau eurodiputatu: PSNko Elena Sancho, EH Bilduko Pernando Barrena, EAJko Oihane Agirregoitia, eta Sumarreko Estrella Galan. Bileraren ostean, Hermoso de Mendozak adierazi zuen zuzendaritzak 655 langileak kaleratzeko erabakiak ez duela "ez hankarik, ez bururik": "Oso garbi geratu da jarrera deshumanizatzailea dutela, eta erabat mespretxatzen dutela BSH Ezkirozko enplegatuen bizitza".