argia.eus
INPRIMATU
BSHko langileek protestak egin dituzte lantegi sarreran enpresaren itxieraren aurka
  • BSHk Ezkirotzeko lantokia itxiko duela berretsi du, 655 langile kaleratuko ditu eta Nafarroako Gobernua eta langileak "denbora" eskatzen ari dira, "berrindustrializatzeko".

     

Jon Fernández González 2025eko ekainaren 10
BSHko langileak protestan. Euskalerria Irratia

Langileek "berrindustrializazio prozesu baterako denbora" eskatzen ari direla jakinarazi du Euskalerria Irratiak. Goizetik hasi dira Ezkirotzeko langileak protestan lantokiaren sarrera moztuz, barrikadak piztuz eta zuzendariaren sarrera saihesteko eserialdia eginez. Polizia bertaratu da eta tentsio uneak bizi izan dira langileen eserialdia eragozten saiatzen ari zirenean. Protestek egun osoan jarraituko duten arren, lasaitasuna dago Euskalerria Irratiak ziurtatu duenez.

Industria Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak denbora lortu nahi dute lantegiaren jarduerarekin jarraitzeko: "Politika industrial aktiboa eta herrialdearen gaitasun industrialak sustatzen ari diren une honetan, Industria eta Turismo Ministerioak uste du BSHk ez duela presarik izan behar Nafarroan duen lantegia ixteko, are gehiago, itxierak enpresaren arrazoi estrategikoei erantzuten dienean, eta ez arrazoi ekonomikoei", nabarmendu du ministerioak komunikatuan.

Hurrengo astean Enplegu Erregulazioko Espedientearen negoziazioa hasiko da, eta 655 langile kalean utziko ditu. Enpresa multinazionalak eman dituen arrazoiak "kudeaketa eta arrazoi produktiboak" dira. Nafarroako Gobernuak jakinarazpena jaso du astearte goizean epeak luzatzeko negoziazioei ateak itxiz, horrela lantokiaren jarduera berreskura dezaketen inbertsoreak ailegatzeko aukera galdu da. Chivitek erabateko gaitzespena adierazi du eta Nafarroako Gobernuak dio berrindustrializatze ahaleginak egiten ari dela. Lantegiaren jarduerarekin jarraitzeko interesa adierazi duten enpresa guztiekin kontaktuan jarriko da Nafarroako Gobernuak eta Industria Ministerioak osatutako lan-mahaia.